Leitzan komunikatuz parte hartze prozesuko hurrengo saioa bihar eginen dute

Ttipi-Ttapa 2022ko mar. 23a, 13:30

Leitzan euskarazko tokiko komunikabide bat sortzeko helburua duen Leitzan komunikatuz egitasmoak martxoaren 17an informazio bilera egin zuen, eta bihar, parte hartze prozesuko aurreneko saioa eginen dute.

Martxoaren 17ko informazio saioan Iban Urdanpilletak (Tolosaldeko Ataria), Alaitz Aizpuruak (Noaua!) eta Igor Astibiak parte hartu zuten (Hekimen Euskal Hedabideen Elkartea). Leitzan komunikatuz egitasmoko talde eragileak adierazi duenez, «hedabideen eremuari errepaso zabala emateko» baliagarria izan zen, eta «Leitzakoari ekiteko informazioa eta gogoetagaiak» bildu zituzten.

Ostegun honetan, martxoaren 24an, eginen duten hurrengo saioa. Zehazki, lehendabiziko parte hartze saioa izanen da. 18:30ean Herri Aretoan bilduko dira. Diagnostikoa egin, helburuak zehaztu eta izaera eta balioak adostu nahi dituzte.

Apirilaren 7an eta maiatzaren 2an eginen dituzten hurrengo saioak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun