Artikutzari erabilera turistikoa eman nahi diotela salatu du EH Bilduk

Ttipi-Ttapa 2022ko mar. 23a, 11:30

Donostiako Udalak Artikutzan egin nahi duena gaitzetsi du EH Bilduk. Besteak beste, «erabilera turistikoa izan dezan, Artikutzako ostatua birgaitzeko obra egin nahi duela» adierazi du.

EH Bilduren arabera, «Donostiako Udal Gobernuak Next Generation Europako funtsen barruan Espainiako Gobernuak 'Donostiako helmugako turismo jasangarritasunaren plana' delakoagatik esleitu dizkion 4.400.000 euroekin finantzatuko dituen proiektuak argitaratu ditu». Proiektu turistiko horien artean, Donostiako Udal Gobernuak Artikutzan egin nahi duen esku hartzea salatu du EH Bilduk: «Izan ere, Artikutzako Ostatua birgaitzeko obra egin nahi du Goiak [Eneko Goia Donostiako alkatea], 'erabilera turistikoa izan dezan'».

Koalizioak gaineratu duenez, «Cristina Lage turismo zinegotzi delegatuak udal gobernuak Artikutzarentzat dituen planak aurreratu zizkien oposizioko taldeei Donostiako Turismoko Administrazio Kontseiluaren bileran. Hain zuzen, Gobernuaren arabera, Artikutzan Naturaren Talent House bat eraikitzea da asmoa».

Hori horrela, Artikutzari ere erabilera turistikoa eman nahi izatea leporatu dio EH Bilduk Donostiako Udal Gobernuari, «Europako funtsen partida honen kudeaketa guztia turismora bideratu da, argi eta garbi utziz, zein den udal gobernuaren asmoa, hau da, Artikutzari erabilera turistikoa ematea».

EH Bilduren hitzetan, «Artikutzan egin beharreko edozein esku hartze Ingurumen Sailak egin behar du, ez turismo sailak. Artikutzak balio ekosistemiko handia duenez, ikerketa zentro bat izaten jarraitu dezake, baina edozein kasutan, erabilera turistikotik babestua egon behar du, orain arte egon den bezala».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun