Pausoz pauso
Zumaiako Flysch Traila izan zen bere lehenbiziko mendi lasterketa, «Zumaian bizi naiz eta bertako korrikako kuadrillatxoak parte hartu behar zuenez, probatzera animatu nintzen». Geroztik, hainbat lasterketetan parte hartu du, nabarmen hobetu du eta garaipen bat baino gehiago lortu ditu. Otsailean, hain zuzen ere, Berastegiko Negu Trail lasterketan lehenbiziko postua lortu zuen emakumezkoen kategorian, 16 kilometroko ibilbidean 01.46.35eko denbora lortuz, baita Zestoako Kobaz Koba Trail lasterketan ere, 25 kilometroko proban 02.42.48ko denbora eginez.
«Egindakoaren emaitzak ikusita oso gustura nago»
Leire BARAIBAR GARMENDIA, Aresoko lasterkaria
Hala ere, bere helburua maiatzean Azpeitian jokatuko den Domus Teknik 40 MLK lasterketa da, 65 kilometroko Ultra Traila; «Negu trail eta beste lasterketa batzuk entrenamendu gisa jarrita dauzkat». Espero ez zituen emaitzak lortu ditu, «ez nuen pentsatzen irabaziko nituenik, baina emaitza ikusita oso gustura nago».
Entrenatzearen garrantzia
«Konstantzia eta esfortzua» dira garaipenaren sekretua Baraibarrentzat, «alegia, tontoak baino kilometro gehiago egitea [irriz]». Prestatzaileak entrenamendu plana antolatzen dio astero, «eta horren arabera egun eta ordu gehiago edo gutxiago entrenatzen naiz». Entrenamenduetarako, «inguruko mendietan» gustura ibiltzen da aresoarra.
Lasterketak eta entrenamenduak bukatzean «gustura» sentitzen da: «mendian lasterka ibiltzea tentsioak deskargatzeko balbula da niretzat». Ez du amets zehatzik kirol honetan; «egunean egunerokoa egitearekin konforme nago».
«Egunean egunerokoa egitearekin konforme nago»
Leire BARAIBAR GARMENDIA, Aresoko lasterkaria
Hala ere, ez da Baraibarrek egiten duen lehen kirola, arraunean ere ibili baita bospasei urtez Orioko arraun taldean eta Getariako klubean. Bi kirolak «oso ezberdinak» direla adierazi digu, baina «arraunak zeozer bereziagoa du». Itsasoan nahiz mendian, «momentu on asko» izan ditu kirolarekin, baina baita txarrak ere; «lasterketa bat bukatu gabe utzi behar izan nuenean izan zen txarrena».
Marea Urdinaren parte
Marea Urdina, autismoa ezagutarazteko lagun talde baten ekimen gisa hasi zena, «gaur egun gizarte inklusibo baten alde lan egiten duen elkarte» bihurtu da. «Gipuzkoa osoa zeharkatzen zuen itsas zeharkaldi batean» ezagutu zuen aresoarrak elkartea, eta geroztik hainbatetan ikusi dugu bere banderarekin mendi tontorretan.
Elkartea «garrantzitsua» dela uste du, «gizartean autismoari buzurko informazio falta handia dagoelako. Autismoa duen haur batekin ez da ezer berezirik egin behar, lasai hurbildu, hitz egin eta jolastu, autismorik ez duen batekin egingo zenukeen bezala».
Orainean bizi da Baraibar, etorriko denean pentsatu gabe; «etorkizuna? egunerokoarekin nahiko lan [irriz]».