Leitzan komunikatuz egitasmoak eginen duen parte hartze prozesuaren barne aurreneko informazio saioa eginen dute bihar

Ttipi-Ttapa 2022ko mar. 16a, 08:00

Leitzan euskarazko tokiko komunikabide bat sortzeko helburua duen Leitzan komunikatuz egitasmoak parte hartze prozesua antolatu du. Lau saio aurreikusi dituzte eta horietan aurrenekoa bihar, martxoaren 17an, eginen dute.

Urrian egitekoa zen parte hartze prozesua atzeratu behar izan zuten, baina berriz ere esku artean dute. Biharko saiorako hiru hizlari gonbidatu dituzte: Iban Urdanpilleta (Tolosaldeko Ataria), Alaitz Aizpurua (Noaua!) eta Igor Astibia Hekimeneko kidea. Herri Aretoan izanen da, 18:30ean.

Beste hiru saio

Martxoaren 24an diagnostikoa egin, helburua zehaztu eta izaera eta balioak adostu nahi dituzte. Apirilaren 7an proiektuaren ezaugarriak landuko dituzte eta maiatzaren 2an proiektuaren kudeaketa izanen dute hizpide. Saio hauek ere Herri Aretoan izanen dira, 18:30ean. 

Helburuak

Egitasmo honen bitartez, «euskararen normalizazioan pauso bat harago» joan nahi dute bultzatzaileek, «kalitatezko informazioa helarazi» eta «herri atxikimendua areagotu». 

Leitzatik Leitzara egindako proiektua izan nahi du. Alde batetik, paperean «kazetaritza pausatua» egin nahi dute, edizio digitalean «eguneroko albisteak» sartu nahi dituzte eta sare sozialetan «dinamika propioak» landu nahi dituzte. «Dauden komunikabideen osagarri eta haiekin elkarlanean» ari nahi dute. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun