Sagarrondoei buruzko formazioarekin hasi dira Leitzan

Ttipi-Ttapa 2022ko mar. 15a, 09:00

Mendialdeko Elikadura Mahaiak antolatuta, sagarrondoen inguruko formazioaren aurreneko saioa egin zuten asteburuan Leitzan. Ostiralean, Lekunberrin, alde teorikoa landu zuten, eta larunbatean, Leitzako Tardoa baserriko sagastian saio praktikoa egin zuten. 40 lagunetik gora bildu ziren. Argazkiak: Juan Mari Barriola.

Cederna Garalur elkarteak, Habelartek, eskualdeko udalek eta Leitzeko Kontsumo taldeak osatzen dute Mendialdeko Elikadura Mahaia eta kasu honetan Leitzako kultur taldearekin eta INTIArekin elkarlanean aritu dira ikastaroa antolatzen. Lehenengo saioan, Leitzako eta inguruetako herrietako jendea bildu zen eta inausketei buruzko hainbat xehetasun ikasteko aukera izan zuten Carlos Marzon INTIAko adituaren eskutik.

Hurrengo saioa apirilaren 8an eta 9an eginen dute, gaitzen osasun kudeaketa lantzeko. Hirugarren saioa ekainaren 10erako eta 11rako hitzartu dute mahaiko sagar eta sagarrondoei buruz hausnartzeko eta laugarren eta azken saioa irailaren 30ean eta urriaren 1ean eginen dute, uzta eta uzta ondorenaz aritzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun