Hiru bat astez luzatuko dira Aranoko Maisueneko lanak

Ttipi-Ttapa 2022ko mar. 11a, 16:00
Otsail bukaeran hasi zituzten Maisueneko lanak Aranon.

Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin, eskaileraz gain arrapala ere izanen da Maisuenera sartzeko

Aranoko Maisueneko sarbideak itxura berria hartuko du laster, Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzarekin arrapala egokitzen hasi baita udala. Otsail bukaeran hasi zituzten lanak, eta Joxan Ruiz alkatearen arabera, «gutxi gorabehera hiru bat astez luzatuko dira».

Maisuenean biltzen diren jubilotekako lagunek egin zioten udalari eraikineko sarrera egokitzeko proposamena, adinekoei sarbidea errazte aldera. Horretarako dirulaguntza eskatu zuen Aranoko udalak. Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko Departamentuan 22.384,42 euroko aurrekontua (BEZa kanpo) aurkeztu zuen udalak eta gobernuak 15.068,14 euroko laguntza onartu du (BEZa kanpo).

Arrapalak hartuko duen itxuraren irudia.

 

Plazatik Maisuenerako bidean dauden hasierako eskaileren tokian, ezkerreko aldetik, hau da, paretaren aldetik, arrapala eraikiko dute. Bukaerako zatian ere ezker aldetik izanen du arrapalak segida. Hortaz, obra hauek egin ondoren ere, eskailerak hor mantenduko dituzte. Irisgarritasuna hobetzeko bidean beste pauso bat.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun