OIER APEZETXEA

«Damututa nago aurretik erremontea probatu ez izana, gehiago gozatuko nuke»

Ttipi-Ttapa 2022ko mar. 11a, 12:00

Oier Apezetxea erremontista goizuetarra, Berria txapelketaren aurkezpenean. Argazkia: Maialen Andres

Oier Apezetxea Ruiz, Goizuetako erremontista profesional berria

Oier Apezetxea Ruizek (Goizueta 1991/06/26) larunbat honetan debutatuko du erremontean profesional modura Berria Erremonte Txapelketan. Aldaberekin bikote osatuz, Loitegi eta Zaldua izanen ditu arerio estreineko partida honetan.  2020ko abenduan entrenatzen hasi eta 14 hilabetera etorri zaio aukera, 30 urterekin.  

Oier Apezetxea goizuetarrak larunbatean debutatuko du erremontista profesional bezala. Gainera, ez da izanen estreinaldi arrunta. Aldaberekin batera Berria Erremonte Txapelketan jokatuko du bere lehenengo partidua Galarretan, 16:30ean hasiko den jaialdiko hirugarrena. Loitegi eta Zaldua I.a izanen ditu arerio. «Motibazio handia da, baina presioa ere halakoxea da. Ez da jaialdi arrunt bateko partida, txapelketakoa baizik. Bikotekidea indartsua dut, baina kontrarioak ere ez dira makalak» aipatu digu. Jaialdi bereko lehen partidan Berria txapelketako partida jokatuko duela Goizuetako beste erremontistak, Aritz Zubirik. Susperregirekin bikote eginez, Goikoetxea V.a eta Odei ianen ditu arerio. Tartean, jaialdiko partida nagusian, Segurola eta Barrenetxea IV.a, Ansa II.a eta Larrañagaren kontra ariko dira.

 

«Josu Apezetxea zenak, lehengusuak animatu ninduen erremontea probatzera. Zoritxarrez ez du ikusterik izanen»

Esku pilotan, afizionatu mailan urte asko egin eta gero erremontera egin du salto Oier Apezetxea goizuetarrak eta eskutik zesta jartzeko bidea nolakoa izan den azaldu du Azpeitin bizi den pilotariak. «Josu Apezetxea lehengusuak, zoritxarrez orain gutxi hil zenak, aspaldiko urteetan esaten zidan erremontea probatu behar nuela, honen erru handia berak dauka, baina esku pilotan oso sarturik nengoen. Gero, Larrañaga erremontistak eta Javi Odriozola entrenatzaileak probatzea gomendatu zidaten eta azkenean probatu nuen. 28-29 urte nituen, esku pilotan urte asko, eta frontoian baina zerbait berria nahi nuen. Behin jantzi nuen xestoa Azpeitin eta lehendabiziko pilotakada frontisean sartu nuen. Inpresioa ederra izan zen, abiadurak txunditu ninduen. Gustura aritu eta Galarretara hurbildu nintzen. Bertan, hasieran kosta zitzaidan bi pilotakada frontisean sartzea. Hala ere, gustura sentitzen nintzen, nahiz eta goiko posturarekin ez nuen asmatzen eta asko sufritzen nuen. Ez nuen hobetzen, jakinda menderatu behar den lehenengo postura dela».

Esku pilotan aurrelaria izan da Oier Apezetxea eta erremontean berriz atzelari moduan ariko da. «Aipatu bezala, goiko posturarekin arazoak nituen. Entrenamendu batean atzelari bat falta zen eta Kike Elizaldek atzelari jarri ninduen. Lehendabiziko sakea izaten omen da zaila eta hori sartu nuen. Neurriak eta hartzea kosta zitzaidan, baina pixkana-pixkana hobetzen joan naiz, gutxienez berdean pilota gehiago sartzen. Orain bost hilabete hasi nintzen atzelari jokatzen». 

 

«Urtea eta hiru hilabete daramat erremontean jokatzen»

Oier Apezetxea erremontean orain urte eta hiru hilabete hasi zen, pandemia bete-betean. «2020ko abenduan hasi nintzen erremontean. Hasieran esku pilota eta erremontea uztartzen nituen. Zirt edo zart bietako bat aukeratu behar nuen eta azkenean erremontea aukeratu nuen. Erabakiarekin gustura nago, gainera Oriamendik eman didan aukerarekin are eta gusturago. eskertuta nago».

Debuta txapelketan egitea berezia da eta Apezetxeak ez zuen espero. «Egia esan papeleta zaila dut. Txapelketan bertan Loitegi eta Zalduarentzat partidu garrantzitsua da, tanteoa ere oso inportantea da txapelketa honetan, tanto guztiak dira serio jokatu beharrekoak. Niretzat partidu haundi bat da. Badakit bikote oso polita daukadala, bigarren mailako aurrelaririk onena (Aldabe) eta logikoki behar dut horrelako laguntza. Egia esan partidu gogorra dut aurretik eta saiatuko naiz ahalik eta paper onena egiten».

Goizuetan bada beste erremontista profesionala, Zubiri, eta Oier Apezetxea bigarrena izanen da. Herriarentzat gauza ona dela dio Oierrek. «Esku pilotan orain profesional bat dago (Iker Salaberria) eta erremontean bi. Inoiz ez zen halakorik gertatu Goizuetan, esku pilotak indar askoz gehiago dauka eta, pilotazale askoz gehiago dago erremontezaleak baino. Halere badira pare bat kuadrilla larunbatetan Galarretara hurbiltzen direnak eta hemendik aurrera gehiago izatea espero dut, ‘orain hasi beharko dugu!’ aipatu izan didate».

Berria Txapelketa honetako lehen fasean ez daude talde berean Zubiri eta Apezetxea, baina honi gustatuko litzaioke finalerdietan edo, zergatik ez, finalean elkarren kontra aritzea: «Hori handia izanen litzateke, baina ez da erraza. Bera beste maila batean dago, baina bere aurrelaria debutatu berria da eta gu berriz, alderantziz, Aldabe maila handiko aurrelaria eta ni orain hastera. Bikoteak konpentsatu dituzte. Baina, dudarik ez, oso polita izanen litzateke partida hori jokatzea».

Gazteak erremontera hurbiltzera lagundu dezakeela uste du. «Ea pixkanaka erremontean jokatzera animatzen den eta erremonteak indar gehiago hartzen duen. Polita izango litzateke jende gaztea mugitzeko».

Erremontea irtenbide bat ere izan daiteke pilotan jokatzen segitzeko. «Damututa nago aurretik probatu ez izana. Nik pilotatik kanpo ez nuen ikusten nire burua eta lehenago probatu banu gehiago disfrutatuko nukeela seguru nago orain». 

Partidaz partida ikasten joatea da Oier Apezetxearen lehen helburua. Argazkia: Maialen Andres

 

«Erremontean segundu bat asko da»

Erremontean abiadura da gakoa eta kirolaria gehien harrapatzen duena. «Erremontean segundua asko da.  Esku pilotan buena egitea errazagoa da, baina hemen gaizki kokatzen bazara pilota badoa beste aldera. Beste erritmo bat da».

Kokapena eta erritmora egokitzea izaten da kirol honek duen beste ezaugarri nagusia. «Pareta ondoan sartuta egotea ere bada beste ezaugarria eta zaila gainera. Esku pilotan, aurrelari bezala, aurkariak pilota jo eta prest egoten zara airez sartzeko. Hemen berriz paretan kontra egon behar duzu. Distantziak edo neurriak hartzea ere hartu behar dira, pixkana-pixkana ari naiz egokitzen. Frontisa oso urruti ikusten da erremontean, asko aldatzen da».

Sakean oraingoz ongi moldatzen da atzelari goizuetarra. «Ongi sentitzen naiz sakatzen. Beheko posturan askoz ere hobe moldatzen naiz goiko posturarekin baino. Esku pilotan boleista nintzela esaten zidaten, baina erremontean egia esan kosta egiten zait goiko postura hori. Desberdina da, xestoarekin lehenago moztu behar da kolpea eta zailagoa egiten zait». 

Erremontean defentsako lan on batek partidu asko irabaztera eramaten du erremontista. «Paretako defentsa beti da oso oso zaila. Urte asko daramanantzat da zaila, pentsa 14 hilabete jokatzen daraman batentzat. Azkenean, kolokazioa garrantzitsua da».

Entrenatzaile lanetan Kike Elizalde intendentea aritzen da. «Hasieran Goikoetxea, Zubiri eta Ansa nituen erakusle, baina orain Kike Elizalde da. Oso gustura beraiekin». Larunbateko partiduan lagunak eta senitartekoak ez dira faltako. «Galarretara noizean behin joaten nintzen lehen, baina gutxi. Ansa zalea naiz eta Gaztelu lehengusua ikustera ere joaten nintzen. larunbatean etorriko dira ingurukoak eta gero afaria antolatu dugu 50en bat lagunekin».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun