Rakel Rico Lopez

«Baserrian urte osoan egiten diren lanak erakusten saiatu gara»

Ttipi-Ttapa 2022ko mar. 5a, 08:00

Rakel Rico argazkilariak emakume baserritarren inguruko egutegia egin du Leitzako, Goizuetako, Aresoko eta Aranoko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearekin batera. Argazkigintzari buruz mintzatu zaigu. 

Nola definituko zenuke zeure burua?

Lasaia eta txukuna.

Zein dira zure zaletasunak?

Irakurtzea asko gustatzen zait, liburu asko irakurtzen ditut, eta musika beti jarrita behar dut lanerako.

Argazkilaria zara ofizioz. Nolatan hasi zinen argazkiak ateratzen?

Argazkilaritza ikasi nuenean azken proiekturako emakume baserritarrei buruzko proiektu bat egin nuen, baina, ez nintzen argazkilari moduan lanean hasi. Orain dela bi urte pauso hori eman nuen eta etxean estudio bat jarri nuen.

Zer da argazkilaritzarik gehien gustatzen zaizuna?

Estudioko goxotasuna. Haurdunaldiko argazkiak eta jaioberriekin egiten ditut argazki gehienak, beraz, haiek etxean bezala senti daitezen saiatzen naiz.

Leitzako, Goizuetako, Aresoko eta Aranoko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearekin batera emakume baserritarren inguruko egutegia egin duzu. Nolakoa izan da lan hori?

Saiatu gara urte osoan baserrian egiten diren lanak erakusten, emakumeak baserrian ere lan asko egiten dutelako eta askotan ez delako ikusten.

Zaila izan da argazkiak ateratzeko prozesua?

Oso erraza, haiek bere lanetan zeudela atera nituen,oso gustura ibili nintzen. Bakoitzaren istorioak entzutea ere asko gustatu zitzaidan.

Baserritarren argazkiak bildu dituzue egutegian, baina, argazki estudioa ere baduzu Leitzan. Zer duzu nahiago, argazkiak kanpoan edo estudioan egitea?

Biak asko gustatzen zaizkit, egia esan bizi garen tokian, ditugun paisaiekin, aukera asko ditugu. Udazkenean kanpoan argazki asko egiten ditut.

Nolakoa izaten da argazki estudioko saio bat?

Orain gauzak asko aldatu dira, teknikak, estiloa... Ez dut fokurik, dena egiten dut kanpoko argia aprobetxatuz Argi naturala, gela bat bezalakoa da, etxeko goxotasunean bezala.

Zer behar du argazki batek ona izateko?

Argi ona eta naturala, poserik gabe.

Zein dira zure asmoak epe motzera?

Orain bezala jarraitzea, ahal bada lan gehiagorekin.

Eta epe luzera?

Ekitaldien antolakuntza eta gestioa ikasketak egiten hasi naiz, eta ezkontzen munduan sartzea gustatuko litzaidake.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun