Madalen Etxegarai Zelaia eta Olatz Ruiz de Larramendi Lopez izan dira irabazleak emakumezkoen Eusko Label Binakako Txapelketako lehen mailako finalean, Iera Agirre Iturriaga leitzarrari eta Uxue Oses Egañari 22-11 irabazita. Azkoitiko Gurea pilotalekua bete egin zen finalistek eskainitako ikuskizunaz gozatzeko. Promozioan, garaipena Goiuri Zabaleta Rodriguez leitzarrak eta Mondragon II.ak osatutako bikotearentzat izan da, finalean Santos eta Urrizari 22-16 irabazita. Pilotari onenaren saria ere jaso zuen Goiurik.
Txapelketak iraun dituen bi hilabetetan pilotarien amaren abizenak eraman dituzte hauen omenez. Finalen ondotik ere omenaldia jaso zuten amek, Sebastian Lizasoren bertsoekin eta pilotariek beraiek dantzatutako Aurreskuarekin.
Binakako txapelketa honetan lehen mailan aritu diren pilotariek kontratuarekin jokatu dute, etorkizunerako mugarri izan daitekeen aurrerapauso batean.