Euskal Herriko Itzuliko bigarren etapa apirilaren 5ean abiatuko da Leitzatik eta Vianan izanen du helmuga, 207 kilometroren ondotik. Lankidetza akordioa sinatu zuten otsailaren 23an ofizialki Leitzan eta, bidenabar, irteeraren xehetasunak ere aurkeztu zituzten. Sinadura ekitaldian Mikel Zabaleta, Leitzako alkatea, eta OCETAko presidente Julian Eraso izan ziren, eta etaparen hasierak Leitza udalerrian eta Itzulia lasterketan eraginen duena azaldu dute.
«Herriaren zati handi bat inplikatu eginen da»
«Leitza Nafarroan kokatutako herri euskaldun txiki bat da, eta hainbat diziplinatan kirolari handiak eman ditu. Oro har, kirolean aritzeko zaletasun handia dago eta, jakina, baita txirrindularitzan ere. Horregatik, Itzuliaren parte izatea eta mundu mailan oihartzuna duen kirol ekitaldi honetan parte hartzea oso mugarri garrantzitsua da guretzat, eta badakigu herriaren zati handi bat era batera edo bestera inplikatu eginen dela» azaldu zuen Mikel Zabaletak; gaineratu zuenez, «bestalde, pandemiak kalte larria ekarri du gure herriko jarduera sozial, kultural eta ekonomikoan, eta tamaina honetako ekitaldi batek herritarren aldartean ere eragina izango duela pentsatzen dugu, baita tokiko jardueran ere».
Bestalde, Julian Erasok txalotu egin zuen Leitza bezalako udalerriek lurraldea horrela sustatzearen alde egitea. «Poztu egiten gara horrelako herriek Itzulian parte hartzeko deitzen digutenean, haien herria, kultura eta jendea txirrindularitzaren bitartez erakutsi nahi diotelako munduari», aipatu zuen.
Lehen eguneko erlojupekoaren ondotik, tropela Leitzatik abiatuko da Euskal Herriko errepideak zeharkatzeko. 2022ko edizioko bigarren etaparen hasiera hartuko du Leitzak; etapa horretan txirrindulariek Itzuliko etaparik luzeena osatu beharko dute, 207,92 kilometrokoa, Leitza eta Viana lotuz.