Unai Zabaleta

«Kolaboratzaileak beharrezkoak dira egunero saioa egiteko»

Ttipi-Ttapa 2022ko ots. 20a, 08:00

Unai Zabaleta Karrape Irratiak Leitzan duen estudioan.

1993an sortu zen Leitzan Karrape Irratia euskara bultzatzea, herriko informazioa zabaltzea eta entretenimendua helburu. Lan egiteko modua aldatu da geroztik, ez, ordea, helburuak. Unai Zabaleta arduratzen da egun astelehenetik ostiralera hiru ordu eta erdiko saioa egiteaz.

Leitzako udaletxeko lehenengo solairuan dago Karrape Irratiaren egoitza. Bertatik egiten du egunero Unai Zabaleta esatariak hiru ordu eta erdiko magazina 10:30etik 14:00etara. Irrati bidez 107.8 FM sintonian aditu daiteke Leitzan eta Areson, eta berriki digitalizaziorako urratsa ere eman dute. Leitzako udalaren webgunean (leitza.eus) aditu daiteke saioa zuzenean, eta elkarrizketa interesgarrienak ere bertan paratzen dituzte podcast formatuan. Karrape Irratiaren egoitzan hartu du Zabaletak TTIPI-TTAPA, irratiaren nondik norakoen berri emateko.

Irratia sortu zen garaian, nondik izan zenuen proiektuaren berri?
Irratia hasi zen garaian izan zen jende multzo bat mugitu zuena: euskara zerbitzuak, kultur taldeak... Hasieran despiste kanpaina bat egin zuten, herriko jende pila bat ageri zen argazki batean bizkarrez, eta gero jada aurpegiz. Ondotik atera zen nola sortu behar zen irratia. Ikastaro batzuk antolatu zituzten. Xorroxin irratiko Joseba Igarabide etorri zen ikastaroak ematera eta horietan parte hartu nuen. Hori izan zen nire lehen kontaktua irratiarekin. Hasierako urteetan bajaren bat betetzen aritu nintzen eta euskaltegiak irratiaren ardura bere gain hartu zuenean ere egon nintzen lanean. Ondoren, beste jende batek hartu zuen irratia, eta, 2000.urtean berriz hasi nintzen. Incansables txarangan eta irratian bertan hasi nintzen, beraz, aurten, 22. urtea beteko dut hemen.

Nola aldatu da irratia hasierako urte horietatik?
Dudarik gabe teknologia aldatu da. Aldaketarik handiena horretan izan da. Karrape hasi zenean zintekin hasi zen lanean. Biniloen bi plato zeuden eta horiekin funtzionatzen zen. Zintetatik gero CDetara pasa ginen, eta grabatzeko modan jarri ziren mini disc-ak. Mini disc txiki horietan grabatzen zen, eta guretzat latza zen!. Gero, Internet eta hasi zirenean, dena Internet bidez egiten hasi ginen: bai musika, grabazioak, edizioak... Gaur egun, Internetez ere emititzen da eta podcastak ere sarean jartzen dira.

«Karrape udal irrati bat da, %100 finantzatzen du udalak»

Unai ZABALETA, Karrape Irratiko arduraduna

Zer ekarri dute teknologia berri horiek?
Aldaketa izugarria izan da, nostalgikoentzat politagoa izango zen bestea, baina guri lana errazten digu oraingoak: kalitatea ematen du, eta au- kera gehiago ematen ditu. Gure irratia orain arte 107.8 FM-n entzun da, eta gaur egun bertan eta online entzun daiteke. Elkarrizketa asko Leitzako udaleko orrian jartzen ditut podcast formatuan, Leitzako Karrape Irratia Facebook orrian ere jartzen dira. Pentsa zenbat bide dituzun entzuteko, edozein ordutan, zuzenean edo ez... Mila aukera ematen ditu. Eta nabaritzen da, herritik kanpo bizi diren leitzarrek ere entzuteko aukera dutelako. Zuzenean hiru ordu eta erdiko magazin bat entzutea ez da erraza, lanean zaudelako, edo mendian... Polita da eta jendeak nahi du hori. Baina, beste kontu bat da leitza.eusweb orrira sartu eta hor zuk nahi duzuna entzutea.

Podcastez ari zara, nola funtzionatzen dute horiek?

Ivoox plataformaren bidez igotzen dira, eta oso kopuru politak lortzen ari gara. Duela hilabete batzuk hasi ginen hau egiten, eta igotako elkarrizketaren bat 3.700 pertsonek entzun dute. Nik ez dakit kalkulatzen, baina, iruditzen zait badela jendea. Oso kontent nago alde horretatik. Oraindik martxa hartzen ari gara, eta jendeari ezagutarazten. Aldaketa nabarmena da.

Zein dira zuen entzule potentzialak?

Ez dugu behin ere jakin. Askotan ohartzen zara kalean jendeak galdetzen dizula, eta horrek adierazten du badela jende bat entzuten duena. Oporrak hartzean kalean askok eta askok galdetzen didate ea noiz itzuli behar dudan, eta hori bada seinale jendeak entzuten duela. 

Zein funtzio betetzen du irratiak herrian?
Zerbitzu bat da, eta udalak ere oso argi du hori. Udalak apustu bat egin du horrekin, eta aurrera jarraitzen du. Bere sorreran zuen helburuetako bat euskara sustatzea zen, herriko informazioa bultzatzea, eta entretenitzea, noski. Eta gaur egun ere horretan jarraitzen dute bete-betean helburu guztiek. Euskara hutsean den irratia da, saiatzen naiz gure euskalkian egiten. Herriko informazioa nabarmena da, eta hori eskertzen da: udalekoa, herrikoa, elkarteetakoa... Eta bada erreferente bat horretan. Baina ez da horretan bakarrik zentratzen. Gai guztiak hortik jorratzen dira. Eta gero, bada, beste zerbitzu txiki edo handiak ematen ditu.

Leitzako udaletxean dago Karrape irratiko estudioa, eta bertatik egiten du egunero saioa Zabaletak.

Zein dira eskaintzen dituen beste zerbitzu horiek?

Eragile edo talde asko etortzen dira beren inguruko informazioa eta agenda ematera. Eta oso kuriosoa da aspalditik jendea etortzen dela hona edozer aurkitu duela esanez: giltzak, patineteak, jertseak, dirua, mugikorra... Hona ekartzen dituzte eta nik hemendik tartetxo batean esaten dut, eta askotan zorionez galdu duen hori bila etortzen da. Jendeak badaki baduela aukera bat hemen zerbait galdu badu laguntza eskatzeko. Badirudi zerbitzu oso umila dela, baina irratiak betetzen du funtzio hori. Azkenean horretan ere zerbitzu bihurtu da.

Nola finantzatzen da egun Karrape Irratia?
Udal irrati bat da, %100 finantzatzen du udalak. Nafarroako Gobernuko dirulaguntzak ere jasotzen ditu, dagokion neurrian. Udalak apustua egiten du euskarazko komunikabideen alde, eta horregatik segitzen du Karrapek ere hein handi batean.

Beste irrati batzuekin ere aritzen zara elkarlanean, Aralar eta Esan-Erran irratiarekin adibidez, batera egiten duzue saioaren zati bat. Nolakoa da elkarlan hori?

Polita eta berezia da. Bakoitzak bere saioa du, bakoitza izaera desberdinekoa gara. Bere garaian Beleixe, Esan Erran eta Aralar hasi ziren honetan. Gu orduan teknologikoki oso pobreak ginen. Orain, hiruek elkar ikusten dugu pantailan, eta nolabaiteko gertutasuna ematen dio horrek. Egiazkoagoa ematen du.

Nolakoa da batera egiten duzuen saioa?
Errepasotxo bat egiten dugu aktualitateko gaien inguruan, edo entzuleek proposatzen dituzten kontuen inguruan, eta nik uste dut saiatzen garela saltseroak izaten. Zoritxarrez azken aldian aktualitatea nahiko tristea da. Saiatzen gara bukaera aldera agenda kontuak eta berriak ematen, eta telefono bidez herritarrek parte hartu dezaten. Ordubete inguruko saioa izaten da elkarrekin egiten duguna.

«Gure lana da elkarrizketatua mimatu eta ongi sentiaraztea»

Unai ZABALETA, Karrape Irratiko arduraduna

 Tarte hori aparte, zu izaten zara saio osoan gidari. Nola prestatzen da egunero hiru ordu eta erdiko magazin bat?

Nekagarria da; jendea lortzea, produkzioa lana, gaiak bilatzea... Baditut lagun batzuk kazetariak direnak eta harrituta geratzen dira dena bakarrik egiten dudalako. Seguru aski igeltsero bat edo mendi lanetan ari dena fisikoki nekatuko da. Hemen ez da hori, hemen burua da nekatzen dena. Momentu batzuetan harri azpietatik atera behar dira gaiak, txukunak izatea nahi duzu, eta ez da beti lortzen. Egingarria bada, eta nik egiten dut, nahiz eta egia den momentu batzuetan nekagarria dela.

Kolaboratzaile sorta zabala ere baduzu.
Eta eskerrak horri, eta hau bihotz-bihotzez esaten dut, gure komunikabide txiki hauetan zerbait beharrezkoa dena eta gu eusten gaituztenak kolaboratzaileak dira. Eta bai, kasu honetan euskara teknikaria, liburuzaina, gizarte zerbitzuetako kideak, Leitza eta Aresoko alkateak, kultur taldeak, eragileak, farmazietako langileak... Ni saiatzen naiz denetariko gaiak lantzen. Batzuk astero etortzen dira, hamabostetik behin besteak... Horiek denak behar beharrezkoak dira, eta horrek izugarri aberasten du.

Zer pentsatzekoa ematen du herri txiki batek egunero hiru ordu eta erdikoa saioa bat egiteko adina ematea.

Bai, zorionez Leitza oso herri mugitua da, eta eragile eta gauza asko daude. Baina, bai, batzuetan kostatzen da. Eta eskerrak hiru lankideek zerbait batera egiten dugula. Bestela ez dut esaten ezinezkoa denik, baina bai, oso zaila da zerbait txukuna egitea eta hori mantentzea. Eta gero bakarrik egoteak ere badu berea.

Zer aukera ditu lagun gehiago egoteak?
Lana banatzeaz gain marabillak egin ditzakezu. Pentsa adibidez luizi bat izan dela, bat bertara joan daiteke zuzenean bertatik kontatzera. Baina hori orain ezin dugu egin. Zein da beste bidea? Telefonoa hartu eta telefonoz deitzea bertan dagoen bati. Hemendik ezin ateratze horrek zuzeneko gauza batzuk egitea murrizten digu.

«Urte hauetan irratiko lanak izugarri erakutsi dit»

Unai ZABALETA, Karrape Irratiko arduraduna

Leitzatik eta Aresotik kanpoko gaiak ere jorratzen dituzue.

Leitza bai, baina dudarik gabe hemendik atera behar dut. Saiatzen nahiz eta Euskal Herri osoko gai bat izan hemen ere interesantea izatea, eta hemengorako ere balio izatea. Oraingoz astelehenetik ostiralera hiru ordu eta erdi egitea bada zerbait. Baina era berean niri oso aberatsa zait. Urte hauek guztietan izugarri erakutsi dit. Informazio askok ihes egiten du, baina zorionez asko ikasten da.

Informazioa aipatu duzu. Nondik lortzen duzu?

Zorionez badaude euskarazko bertze medioak guri ere asko laguntzen digutenak: Erran. eus, Berria, Naiz, Noticias... izugarri erabiltzen ditut. Horiek denetatik jasotzen dugu informazio asko. Eta are eta gehiago euskarazko gure komunikabideetatik: Erran, Xorroxin... Elkar lagundu eta elkar babestu behar dugu. TTIPI-TTAPAK berak gauza asko erakusten dizkigu, askotan horrela enteratzen garelako gauzez. Beste askotan guri egokitzen zaigu galdezka aritzea, batzuetan herritarrak beraiek etortzen dira. Guri izugarri ongi etortzen zaigu jendeak informazio ematea. Nik jendeari beti esaten diot inguruko gauzak esateko; ba- tek hau egin duela, besteak hura sortu duela... bestela eskapatzen zaizkigulako.

Nolako harrera jasotzen duzu irratitik jendearengana joatean?

Bada jendea mikroari panikoa diona eta inoiz etorriko ez dena; bada jendea kostata etorri, eta urduri hasi arren gero aritzen dena. Gure lana ere bada elkarrizketa egiteaz gain bera mimatzea, lasai sentiaraztea. Askotan esan izan didate urduri etorri eta gero gustura egon direla, eta hori esateko pasa dira hogei minutu. Irratiz, gainera, errazagoa da, hona etorri gabe, telefono bidez, skype bidez egin dezakezulako. Zaila ez da, nahiz eta ulergarria den badagoela jendea ez dena inoiz etorriko. Nik ikusi izan dut jendea hemen oso gaizki pasatzen, eta zuk ere sufritu egiten duzu horrelakoetan. Batzuetan lortu izan dut horri buelta ematea, eta hori oso ariketa polita izaten da.

«Batzuetan harri azpietatik atera behar dira gaiak»

Unai ZABALETA, Karrape Irratiko arduraduna

Aurrera begira zein erronka geratzen zaizkio irratiari?
Nik uste dut aurten hasi dugun prozesu honekin jarraitzearena: online emititzearena, podcastak igotzearena, sare sozialetan presentzia gehiago izatearena... Bazen apustu polit bat eta udalak egitea nahi zuena. Bide hori hartu dugu, bidea nahiko txukun hasi dugu, eta bide horretatik jarraitzea da erronka. Egia da irratiko FM-ko frekuentzia ez dugula kendu behar; adineko jende asko dagoelako entzuten duena, Teknologiak behar beharrezkoak ditugu jendearengana zabaltzeko, eta Internetek aukera hori zabaltzen dio ohitura hori ez duen jendeari. Batek daki hemendik urte batzuetara zuzenekoak streaming bidez ikusteko aukera egonen da. Edo saio bereziak egitea streaming bidez...Horretarako teknologia behar da, eta buruan noski badugula.

 

«Zerbait antolatu beharko dugu 30. urteurrenerako»

Karrape Irratiko kideak 1996an saio bat egiten.

Irratiko lanaren eguneroko jardunak murgilduta, elkarrizketa aurretik irratiak zenbat urte dituen ere zehatz ez zekiela onartu du Unai Zabaletak. Batari eta besteari galdetuta ikusi du zein izan zen lehen emisio eguna: «Elkarrizketarako deitzean begiratu behar izan nuen. Beti zalantza izaten nuen zenbat urte dituen eta udaleko dokumentu batzuetan ikusi dugu 1993an egin zela lehen emisioa». 28 urte bete, eta 29 egiteko bidean da Karrape, eta aurreko data biribilak ospatu ez badituzte ere, 30. urtemugan paratu du begirada Zabaletak: «Orain urteurrena zein den badakigula zerbait antolatu beharko dugu. 2023ko urriaren 28an izango da eta zerbait egingo dugu. Ordurako egoera ere beste bat izatea espero dugu», kontatu du.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun