Aimar Olaizola Baiko pilotako kirol-arloko arduraduna izanen da. Azaroaren 13an bere azken partida jokatu ondotik, goizuetarrak kirol profesionala utzi zuen, baina pilotaren munduan segitzeko asmoa erakutsi zuen. Joserra Garai Baikoko zuzendari nagusiarekin bildu zen asteartean eta postua eskaintzean «segidan» onartu zuen Olaizola II.ak.
Baikok adierazi duenez, «pilotari profesional gisa 23 urte eginda, eta 26 finaletan 14 txapel irabazita, Aimar Olaizola bere kirol ibilbide arrakastatsuan lortutako esperientzia Baikoko pilotariei helarazten saiatuko da» bere kargu berrian.