Plazaolako Bide berdean gertatzen den edozein gorabehera identifikatzeko aplikazioa sortu du Nafarroa Ezagutu Sareak, Trail Gazers BID europar proiektuaren barruan. Tresna honek bidean gertatzen den edozein arazo telematikoki jakinarazteko aukera emanen du, modu errazean geolokalizatuz eta argazkiak egiteko aukerarekin.
Trail Gazers proiektuak, Plazaolako Partzuergo Turistikoarekin eta Imozko Udalaren laguntzarekin, aplikazioa aurkeztuko du ostegunean partzuergoaren boluntarioen programa tailer baten bidez. Latasan izanen da aurkezpena, 16:00etatik 18:00etara Biltegian, eta mugikorra kargatua eramatea eta txango labur bat egiteko arropa janztea eskatu dute. Lehenbiziko 45 minutuetan ongietorria izanen dute, eta kafea hartuz Plazaolari buruzko hizketa eginen dute (egoera, gorabeherak, kezkak…). Bigarren zatian, aldiz, ateraldia eginen dute app-a bide berdean probatzeko eta gorabeherak aplikazioaren bisorearen bidez ikusteko. Tailerra bukatzeko agurra izanen dute.
Tailerrak edukiera mugatua izanen du, hortaz, aldez aurretik izena ematea eskatu dute, 948 50 72 04 telefonora edo 958 50 72 05 zenbakira deituz, edota plazaola@plazaola.org helbidera idatziz. Deialdia zabalik dago denentzat, baina batez ere «bidea borondatez jada zaintzen duten edo egin nahi duten herritarrentzat, baita inguruko udaletako eta mantentze-lanetako brigadetako langileentzat eta lurraldeko natur eta kultura-ondarea berreskuratzeko eta mantentzeko lan egiten duten tokiko beste taldeentzat».