Euskal Herriko itzuliko etaparik luzeena izango da apirilaren 5ean Leitzatik abiatuko dena. Denera 207,92 kilometro osatu beharko dituzte txirrindulariek Leitzatik Vianarako bidean. Hiru mendate gainditu beharko dituzte txirrindulariek, hirugarren mailako Huitzi Leitzatik atera eta segituan, bigarren mailako Lizarraga 59. kilometroan, eta helmugarako 20 kilometro falta direla Aguilar gaina.
Hondarribian hasiko da itzulia eta bertan aurkeztu zituzten itzuliko sei etapak asteartean. Roberto Laiseka zuzendari teknikoak aurreratu zuenez, Leitzan hasiko den etapa «ihesaldiak osatzeko egokia» izanen da.
Egun berezia Leitzan
Egun hori berezia izatea nahi du udalak, eta herritarren eta eragileen parte-hartzearekin «plazan ekitaldia» egiteko asmoa dutela aurrerazu zuen urtarrila bukaeran Mikel Zabaleta Leitzako alkateak: «Zerbait irekia eta parte-hartzailea izatea nahi dugu, gozatzeko eta parte izateko eguna izatea, eta hori aprobetxatuz plazan ekitaldia egingo dugu».
Ez da aurtengo kontua bakarrik izanen, 2023ko itzulirako ere hitzarmena lortu baitu udalak. Euskal Herriko Itzuliko antolakuntzak eta Vianako eta Leitzako udalek sinatu duten akordioari esker, datorren urtean itzuliko proba bat alderantziz eginen dute, hau da, Vianatik abiatu eta Leitzan izanen du helmuga.
Ez da Euskal Herriko Itzuliak herrian geldialdia eginen duen aurreneko aldia. 1978ko itzuliko lehenengo etapa, esate baterako, Leitzatik atera zen eta Miarritzen izan zuen helmuga.