Udalbiltzako 'Geuretik sortuak' programan sortu zuen Oier Zuñiga aktoreak 'Eresia' antzezlana eta Eneko Gil eta Belen Cruzekin batera aurkezten du. Leitzan izanen da hurrengo emanaldia, igandean 19:00etan Herri aretoan. Sarrerak leihatilan egonen dira salgai 45 minutu lehenagotik zortzi eurotan.
Sinopsia
Ama hil da, hori da egia. Kantu bat, dantza bat, erritu bat… lore bat eskaini nahiko nioke. Hildakoei gorazarre egiteko abesten ziren bertsoak dira Eresiak, baina nik jada, ez dut kanturik hildako ama agurtzeko. Maite dugunaren heriotza datorrenean, zer egin? Nola agurtu? Nola begiratu bizitzari? Maitasuna da akaso guztiaren erantzuna? Ohiko dolu errituak nahikoak ez direnaren sentsaziotik abiatuta, dispositibo poetikoen bidez bestelako dolu praktika esperimentatzeko xedea nuke, ekintza eszenikoa bera, dolu erritu kolektibo bilakatuz.