515 auzolan egin dituzte Leitzan 2021ean ordenantza berriari esker

Ttipi-Ttapa 2022ko ots. 7a, 19:00

Leitzako Udalak baserritarrei eskertu die herri lurren aprobetxamenduen ordenantza berria martxan jartzeko egindako lana

2021eko azaroan Leitzako Udalak, abeltzainekin elkarlanean, herri lurren aprobetxamendua arautzen duen ordenantza berria argitaratu zuen Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Geroztik «hobekuntza nabarmen ugari» izan direla adierazi dute; «batzordeak berritu dira, koordinatzailearen ardura sortu da, auzolana arautu eta erregistratzen hasi da…».

Aldaketa hauei esker, pasa den urtean 328 auzolan egitea aurreikusi bazuten ere, 515 auzolan egin zituzten Leitzan, «denonak diren lur komunaletan eta azpiegituretan abantaila nabarmenak ekarriz». Honengatik eta ordenantza berria martxan jartzeko egindako lan guztiagatik, Leitzako Udalak eskerrak eman die baserritarrei eta zoriondu egin ditu.

2022ra begira, «bide beretik lanean jarraitzeko» hainbat konpromiso hartu dituztela jakinarazi du udalak: auzolanetarako materiala erosteko 5.000 euroko partida onartu dute, herri lur hektareak ugaritzeko larreen onargarritasun koefizientea ebaluatzeko ikerketa agindu dute eta baserritarrek erabiltzen dituzten bide eta azpiegiturak berritzeko dirulaguntza eskatu dute, 120.000 euroko inbertsioa egiteko asmoarekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun