Olaia Zabaleta Lasarte

«Kaleko katuen egoera tamalgarria da eta bizi duina merezi dute»

Ttipi-Ttapa 2022ko ots. 6a, 08:00

Olaia Zabaleta Lasarteren hurrengo proiektua katuak zikiratzea izanen litzateke. Iraitz Astiz

«Jaioberriak edo gazteak dira gehienak, eta gaixotasunagatik, jateko faltagatik, hotzagatik edo pozoituta hiltzen dira». Olaia Zabaleta Lasarteren (Leitza, 1995) hitzetan horixe da kaleko katuen errealitate «tamalgarria». Hori da aldatu nahi duen egoera.

Hiru urte daramatza kaleko katuei bizitza duina emateko lanean, ahal den neurrian adopzioan emateko «ongi zainduz, eskuetara ohituz, txertatuz eta zikiratuz» eta ezin bada, «ahalik eta hobekien elikatuz eta osasun arazoak dauzkatenean albaitariarengana eramanez». Bidea «bakartia, arrotza, gogorra eta sakrifikatua» izaten ari dela aitortu du, «askotan pentsatu dut uztea», baina katuen «euskarri» dela ikusita eta haiengandik hartzen duen maitasunagatik merezi duela sentituta, hasitako bidean jarraitzen du. «Bizitza oro garrantzitsua dela» nabarmendu nahi izan du eta «animaliak ere merezi duten tratu onarekin eta maitasunarekin zaindu» behar direla aldarrikatu du.

Nondik heldu zaizu katuekiko maitasun hori?

Animaliekiko zaletasuna gurasoei zor diet. Zorionez, ttiki-ttikitatik nire etxea animaliez betea egon da: hamsterrak, untxiak, txakurrak... trikuak eta guzti! Etxean ez dugu inoiz katurik izan, baina beraienganako maitasuna amarengandik datorrela pentsatzen dut. Nire ama beratarra da eta ezkondutakoan Leitzara bizitzera etorri zenean, kaleko katuak zaintzen zituen. Bizilagunak beti esaten dit katuei larranbiloarekin begiak sendatzen aritzen zela etxe sarrerako eskaileretan. Animaliekiko zaletasuna eta maitasuna geneetan dudala esaten dut beti.

«Katuen maitale asko dago baina baita gorroto dietenak ere»

Olaia ZABALETA LASARTE, kaleko katuen aldeko boluntarioa

Leitzara bizitzera bueltatu eta aste batera etxeko eskaileretan hilzorian zegoen katu batekin egin zenuen topo, eta pozoituta hil zen. Orduan konturatu omen zinen «Leitzan dagoen arazoaz»...

Nire aita Leitzako Alde Zaharrean hazia eta hezia da. Ni, ordea, Amazabalen bizitu izan naiz 18 urte nituen arte. Kanpoan ikasten nengoen bitartean gurasoak alde zaharreko etxera aldatu ziren. Beti entzun izan dut aita alde zaharreko katuez hitz egiten, Leitzako beste auzoetan ez hainbeste, baina alde zaharrean asko izaten zirela eta gaztea zenean bat-batean asko desagertzen zirela kontatu izan du. Katuen maitale asko dago munduan, baina baita gorroto handia dieten pertsonak ere. Banuen katuen pozoitze eta hilketa masiboen berri, baina zinez, nire kabuz ikusi nuenean sinetsi nuen. Eskaileretan aurkitu nuen katu hura etxera igo, kaxa batean sartu eta sutondoan jarri nuen, bere heriotza ahalik eta arinena izan zedin. Lauzpabost ordu pasatu zituen agonia betean, ahotik aparra botaz eta muskuluen espasmoak zeuzkala. Sufrimenduz beteriko bere miaua ezin dut hitzez deskribatu. Huraxe izan zen nire buruan zerbaitek klik egin zuen momentua.

Zerk egin zizun klik? Zertan hasi zinen?

Pozoituta hil zen katuaren kasuaren ondoren, beste egun batean, bajerara edo etxabera jaitsi eta nire bizitzan inoiz ikusi dudan irudirik politenetariko bat ikusi nuen: iskin batean hiru katu eme zeuden zazpi katakumez inguraturik. Inoiz ez dut jakin hiru emeek katuak aldi berean izan zituzten, edo baten kumeek besteen ama sena piztu zuten. Baina hiruren elkarlanari esker, katakumeak beti zuten esnea eta beroa eskura. Dena ez zen polita, ordea. Katakumeek begiak guztiz infektatuak zeuzkaten. Orduantxe hasi zen nire bidaia kaleko katuekin.

Hiru urte eta erdi pasatu dira geroztik. Nolakoa izaten ari da bidea?

Bidea bakartia, arrotza, gogorra eta sakrifikatua izan da. Malko asko erori dira bidean, ez dut lortu katu guztiak salbatzea. Egunero zerbait txarra gerta dakieke, asko desagertu egiten dira eta asteak pasa izan ditut leihotik begira noiz bueltatuko diren zain. Asko hil dira nire besoetan. Asko itzaltzen ikusi ditut, gaixotasunengatik, eta beste hainbat pozoituta. Gutxi dira osasuntsu kaleko baldintza gogorrei aurre egiteko gai. Eta hori gutxi balitz, osasuntsu mantentzea lortzen duten katuek pertsona silueta duten beste izaki batzuen malezia gainditu behar dute. Horrez gain, beti baliabide mugatuak izan ditut eta oso frustragarria izan daiteke. Askotan pentsatu dut uztea, sufrimenduak ez duela merezi, baina katuak ezagutu eta maitatu ondoren, ezin dituzu utzi, zu baitzara daukaten euskarri bakarra. Beti dago laguntza behar duen katuren bat. Hala ere, bide aldapatsu honetan badaude konpentsatzen duten hainbat alderdi: alde batetik, katakumeei etxea lortu eta jabeak argazkiak bidaltzen dizkidanean, osasuntsu eta zoriontsu bizi direla ikustea, edo bestetik, zaintzen ditudan katuen maitasuna sentitzea. Animaliak uste duguna baino azkarragoak dira eta badakite nork zaintzen eta maitatzen dituzten. Oso modu berezian adierazten duten esker ona.

Zabaletak zaintzen dituen katuetako batzuk. Olaia Zabaletak utzitako argazkiak

Tarte honetan zenbat katu artatu dituzu?

19 katu atera ditut kaleetatik. Elkarteen edo sare sozialen bitartez denei etxea lortu diet. Txertatuak, zikiratuak eta ongi zainduak daude.

«Bidea bakartia, gogorra, sakrifikatua eta arrotza izan da»

Olaia ZABALETA LASARTE, kaleko katuen aldeko boluntarioa

Nolako laguntza ematen diezu?

Katuak adopzioan emateko momenturik idealena bi, hiru edo lau hilabete dauzkatenean da. Beraz, auzoan katu jaioberriak daudela ohartuz gero, harrapatzen saiatzen naiz eta adopzioan ematea lortzen dudan arte etxean izaten ditut gizakien eskuetara ohitu daitezen. Lau hilabete baino gehiago dauzkatenean, oso zaila izaten da harrapatzea. Gainera, basatiagoak bihurtzen dira eta askoz zailagoa da gizakien eskuetara ohitzea. Adopzioan emateko aukerarik ez badago, laguntzen jarraitzeko modu bakarra ahalik eta hobekien elikatzea eta osasun arazoak dauzkatenean albaitariarengana eramatea da. Badira beraien izaeragatik etxeko katu izan daitezkeen katu helduak ere, baina normalean, inork ez ditu katu helduak adoptatu nahi izaten eta askoz ere zailagoa izaten da horiei etxea aurkitzea. Bestalde, nire hurrengo proiektua zaintzen dudan katuen kolonian katuak zikiratzea izanen litzateke, populazioa jaisteko eta erreprodukzioen edo elkarri pasatzen dizkieten gaixotasunak ekidin ahal izateko. Baina hori proiektu zaila da, ez dut baliabiderik.

Xaldu katuari gertatutakoa ere gogor salatu izan duzu...

Xaldu nire kolonian dagoen katurik maitagarrienetariko bat da. Ez du inoiz beldurrik izan pertsonengana hurbiltzeko eta beti dabil mimoen bila. Egun batean bere aurreko hanketako batean zauri haundi batekin agertu zen, hantura ikaragarriarekin. Asko beldurtu nintzen, hanka hautsi zuela pentsatu nuen, eta segituan askotan laguntzen didan albaitarien elkarte batekin jarri nintzen harremanetan. Iruñera eraman nuen eta plakak egin zizkioten hanka hautsia zuen edo ez zehazteko. Xaldu jasotzera bueltatu nintzenean, albaitariaren aurpegiak zerbait larria gertatu zela adierazi zidan. Plakak erakutsi zizkidanean hasieran ezin nuen ulertu zer gertatzen zen. Xalduri tiro egin ziotela eta hezur bat puskatu ziotela azaldu zidan. Bala oraindik barruan zeukan.

Zer sentitu zenuen?

Zaila egiten zait sentitu nuena hitzez adieraztea. Xaldu hazten ikusi dut, askotan sendatu dizkiot begiak, baita albaitariarengana eraman ere. Nire egunerokoaren parte da, nire bizitzaren parte. Xalduren hankarekin batera nire barruko zerbait puskatu zela esaten dut beti. Amorrua eta inpotentzia ziren barrenean nagusiki sentitzen nituenak. Buruan, berriz, ezin ulertua. Ezin ulertu zergatik eta zein helbururekin egin zezakeen norbaitek horrelako zerbait.

«Ezin badituzu behar bezala zaindu ez adoptatu»

Olaia ZABALETA LASARTE, kaleko katuen aldeko boluntarioa

Leitzako herriaren ekintza eza salatu izan duzu. Zein hutsune ikusten dituzu?

Hutsune nagusia gizakiok beste aldera begiratzeko dugun gaitasuna dela iruditzen zait. Jende on asko dago Leitzan eta leku guztietan, animalien maitale direnak, baita animalien maitale ez izanda ere, sekula inolako minik eginen ez lieketenak ere. Baina gizarteak besteen sufrimenduaren aurrean beste alde batera begiratzen erakutsi digu; denarekin enpatia izanen bagenu, jasanezina izanen litzatekeelako. Baina badira aldaketa handiak ekar ditzaketen ekintza ttikiak. Eta katuen kasuan oraindik gehiago. Leitzako biztanleen eta udaletxearen elkarlanaren bitartez, gaur egun katuek duten egoera guztiz alda daiteke.

Gizatasuna garesti dagoela uste duzu?

Gizarte sistema honek sentiberatasunik ez izatera garamatza. Arrazionaltasuna oinarritzat hartuta, sentsibilitatea barrualdeko iskin batean galdu dugu. Gizatasuna sentsibilitaterik gabe ezinezkoa da eta gaur egun, sentsibilitatea leku gutxitan aurki dezakegu. 

Bada kaleko katuen kontrolik edo daturik?

Nik dakidala Leitzan ez dago ez inolako kontrolik, ezta daturik ere.

Zabaleta tirokatu zuten Xaldu katuarekin. Iraitz Astiz

Zein da kaleko katuen egoera gaur egun?

Kasuan kasu aztertu beharko litzateke. Batzuk genetikagatik hobeki bizirauten dute kalean, gaixotu gabe. Baina gutxi batzuen kasua da, gehienak gaixotu eta gaixotasunak elkarri transmititzen dizkiete. Horri elikagai falta gehituta, gehienetan baldintza tamalgarriak dauzkate.

Zein aukera dituzte?

Gaur egun Leitzako kaleetan bizi diren katuek aukera gutxi dauzkate. Gaixotasunen, hotzaren edo gosearen ondorioz, lau urte bete baino lehenagotik hiltzen dira, eta ongi zaindutako katuen bizi itxaropena 12-15 urte bitartekoa da. Hiltzen diren gehienak jaioberriak edo gazteak dira, gutxi batzuk baino ez dute lortzen heldu izatea, eta lortzen duten horien artean, gutxik dute gaixotasunik gabeko bizi duina.

Abandonu kopurua murrizteko zein bide ikusten dituzu?

Kontzientziazioa da bide bakarra. Orokorrean, oso kontsumistak gara, zerbait nahi badugu erosi egiten dugu eta behar ez dugunean bota. Animaliak ez dira ez objektuak, ez jostailuak. Lan eta ardura handia eskatzen dute. Beraz, 15 urtez animalia horrek behar dituen zaintza eta maitasuna emateko gai ez bazara, ez adoptatu.

«Katuei bizitza duina eman ahal izateko laguntza nahi nuke»

Olaia ZABALETA LASARTE, kaleko katuen aldeko boluntarioa

Badira adopzioan ematen dituzten elkarteak. Nahikoak dira?

Azken urteotan hainbat elkarterekin izan naiz harremanetan: Katuetxe (Hernani), Katubihotz (Donostia) eta KatxFelina (Iruñerria). Denak boluntarioez osatutako elkarteak dira, eta ez, ez dira nahikoak. Egiten duten lana ikaragarria da, sakrifizioa eta dedikazioa dute oinarri. Baina beti gainezka daude eta ez dute baliabide nahikorik. Entitate publikoen laguntza ezinbestekoa da arazoari aurre egiteko.

Nolakoa da katuak adopzioan hartzen dituen jendearen profila?

Nire esperientzian oinarrituta, gehienak ume ttikiak dauzkaten familiak dira, baita bikote gazteak ere.

Norbaitek katu bat nahi badu, adoptatu ala erosi zalantza izan dezake. Zuk zer esanen zenioke?

Animaliak erosiz, erreprodukzio masiboa bultzatzen da. Ez dugu katuen erreprodukzio masiborik behar. Bizitza ugari daude kalean, bizitza ugari galtzen dira kalean. Kaleko katu asko daude maitasunaren eta zaintzaren beharrean.

Zein mezu luzatuko zenuke?

Laguntza eskatu nahi nuke; lan hau egiten jarraitu ahal izateko, katuei bizitza duina ematen jarraitu ahal izateko, katuak kaletik ateratzen jarraitzeko eta beraien erreprodukzioa mugatzeko. Bestalde, norbaitek lan honetan laguntzeko interesa baldin badu, lau esku bi baino urrutirago ailegatzen dira. Jendeari mugitzeko esanen nioke, beste aldera ez begiratzeko, arazoari aurre egiteko eta urtetan luzatu den arazo honi behingoz denon artean bukaera emateko. Bide batez, bidean lagundu didan orori esker ona adieraztea gustatuko litzaidake, gurasoei eta elkarteetako guztiei.

Zerbait gaineratuko zenuke?

Bizitza oro garrantzitsua da, eta animaliak merezi duten tratu onarekin eta maitasunarekin zaindu behar dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun