Artikutzako urtegiaren inguruan bisita gidatua egin zuten atzo

Ttipi-Ttapa 2022ko urt. 31a, 20:00

Donostiako Udalak hilabetean hiru bisita gidatu antolatzen ditu Artikutzan. Hain zuzen, urtarrileko azkena joan den igandean, hilaren 30ean, egin zuten. Bildutakoek Enobietako urtegiaren inguruan sei bat kilometroko itzulia emateko aukera izan zuten azalpenak aditu bidenabar.

Otsaileko bisita gidatuen datak ere jakinarazi ditu Donostiako Udalak.

Otsailaren 6an Ugaldeko presa zaharrera

Sei kilometro inguruko itzulia izanen da. Artikutza auzotik abiatuta, Artikutza ibaiaren ibilgutik eginen dute bidea, Elamarekin bat egin arte. Puntu horretan elkartzen dira Artikutzako ur guztiak, eta ibaiak Añarbe izena hartzen du. Ura hornitzeko ubide zaharraren gainean ibiliz eta Añarbeko ibilguari jarraituz, Ugaldeko presara joanen dira. Itzulera ibaiaren beste ertzetik eginen dute.

Otsailaren 20an Altuetako gainera

12 kilometroko buelta izanen da. Artikutza auzotik abiatu eta izen bereko errekari jarraituz, ibai horrek Elamarekin bat egiten duen tokiraino joanen dira. Hortik aurrera Altuetara igoko dira. Kilometro batzuk gandorretik egin eta harrespil batzuk ikusi ondoren, Goizaringo burdinola zaharrera jaitsiko dira eta pistatik Artikutzara itzuliko dira.

Otsailaren 27an Arriurdinetatik Elamara

Arriurdinetako harrobian dagoen aparkalekuan bilduko dira sei kilometroko itzulia eginez, Elamako burdinola zaharreraino ailegatzeko.

Parte hartzeko aurretik izena eman behar da: artikutzanatura@donostia.eusera idatzita edo telefonoz 679 613 016 zenbakira deituta, astelehenetik ostegunera, 11:00etatik 16:00etara.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun