Leitzako ur edangarria tratatzeko estazioan estalpe bat egiteko eta hoditeria berritzeko inbertsioak eginen ditu Nafarroako Gobernuak

Ttipi-Ttapa 2022ko urt. 27a, 19:00

2018an Nafarroako Gobernuari estalpea egiteko aurkeztutako proiektua

Datozen lau urteetan 42 milioi euro inbertituko ditu Nafarroako Gobernuak hainbat lan egiteko. Leitzako lanez gain, ur-depositu berria paratuko dute Ezkurran eta Errotazar iturburuko ura Doneztebeko depositura bideratuko dute

Tokiko Azpiegitura Planeko programa berrian, Nafarroako Gobernuak 42 milioi euro inbertituko ditu 2022-2025 urteetan, 44 berrikuntza eta hobekuntza egiteko ur-hornidurarako eta hiri hondakinen tratamendurako azpiegituretan. Eskualdean ere hainbat lan eginen dituzte; Leitzan, Ezkurran eta Donezteben.

Leitzako ur edangarriaren tratamenduaren deposituan estalpe bat eginen dute. Mikel Zabaleta alkateak azaldu digunez, «estazioa automatizatuta dago eta aparatu elektroniko ugari ditu. Zati bat estali gabe izanik, matxura asko sortzen ziren, eguzkiaren eta izotzaren eraginez batez ere. Estalpea eginda, ura tratatzeko espazio guztia babestuagoa egonen da eta arazo gutxiago emanen ditu».

Ur-hornidurari lotutako bigarren lan bat ere eginen dute Leitzan; «Gazpiloko iturritik estazioraino doan hodia eta iturriko harrera berrituko ditugu. Aspaldikoa den hodi horrek isuri asko ditu eta ur asko galtzen da. Hodia igarotzen den tokia ez da erraza eta iturritik estaziorako distantzia ere handia denez, lan hauek nahiko zailak eta garestiak izanen dira».

Oraindik ez dute bi lanen aurrekontuen kopuru zehatzik, baina 500.000 euro ingurukoa izanen dela estimatu dute, bigarren lana izanik garestiena. Prezioak eguneratzean jakinen dute Nafarroako Gobernuak zenbat onartuko duen.

Malerrekan ere lanak

Programak barne hartuko ditu lanak Ezkurran ere, depositu berri bat eginen dute hain zuzen ere. Gainera, Errotazar iturburutik eginen dute ur-bilketa Doneztebeko depositurako. Ur-horniketaz gain, hiri hondakinen tratamendurako azpiegituretan ere lanak egitea aurreikusi dute Donezteben. Hondakin biologikoak tratatzeko eta konpostajerako bi instalazio berri paratuko dituzte, eta finantzazioa Hondakinen Funtsarekin eta Berreskuratze eta Erresilientzia Funtsarekin osatuko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun