Leitzako Torraspapel lantegiko Enpresa Batzordeak jakinarazi duenez, langileek greba eginen dute urtarrilaren 30ean eta otsailaren 2an, 5ean, 8an eta 12an, eta txanda guztiei eraginen die. Atzo egindako batzarrean hartu zuten erabakia, langileen %93aren babesarekin eta LAB eta ELA sindikatuetako ordezkariek bultzatua. 350 langilek izan zuten bozketan parte hartzeko aukera eta grebaren aldeko 262 boto izan ziren, kontra 18, 6 zuri eta baliogabe bat.
Gaur egungo enpresa hitzarmena berritzeko abian dauden negoziazioek bizi duten blokeo egoera gainditzea dute helburu. Gainera, LAB eta ELAk langileen gehiengoaren babesarekin adostua duten aldarrikapen plataforma onartzeko enpresaren borondate falta salatu nahi dute.