Ezohiko inauteriak ospatuko dituzte larunbatean Areson

Ttipi-Ttapa 2022ko urt. 27a, 14:00

Aresoko herritarrak duela urte batzuetako inauterietan.

Ez da otordurik eta eskerik egingo, baina kalejira, dantza saioa eta erromeria antolatu dituzte.

Egungo egoerara egokituta, baina inauteriak ospatuko dituzte larunbatean Areson. Ez da etxe eta baserrietako eskerik izango, ezta elkartean otordurik ere, baina festari eutsi egin nahi izan diote Lagunartekoek: «herritarren animoa ez dago oso goian eta bizipoz pixka baten premia ikusita, mozorrotu eta kalera ateratzeko aitzakia eman nahi diegu». Osasun egoera zein den ikusita, arriskuak ekidin nahi dituzte eta horregatik jan-edanik eta eskerik ez da izango: «gainera, kalean izango da festa guztia eta dagozkion segurtasun neurri guztiak beteko ditugu».

Larunbatean, 16:00etan egin dute hitzordua plaza zaharrean. Mozorroak soinean, herriko musikariekin batera kalejira egingo dute. Segidan, haur eta gaztetxoek dantza saioa eskainiko dute eta seiak aldera bingoa izango da. Sariak izango direla aurreratu dute antolatzaileek. Bukatzeko, Andoaingo Malkogarriyak musika taldearen eskutik erromeria izango dute gaueko bederatziak arte.

Ostiralean, eskolan urteroko inauteri festa egingo dute. Mozorroa jantzi eta emanaldia eskainiko dute eguerdi partean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun