«Planetan gure hankaren arrastoa nola murriztu pentsatzen hasteko» ordua dela dio Arturo Elosegi EHUko Ekologia katedradunak (Leitza, 1962), «ingurumena zeinen garrantzitsua den ulertu» behar dugula, eta bide horretan, ezinbestekoa iruditzen zaio «ekosistema naturalak berreskuratzea». Eukaliptoek ingurumenean duten eraginaz, Artikutzako urtegiaren hustuketa bertatik bertara jarraitu eta aztertuta ikusi eta ikasi duenaz, eta beste hainbat kontuz aritu da.
Hainbatetan idatzi duzu eukaliptoek erreketan duten eraginari buruz. Azalduko zenuke?
Errekak aztertuz faktore askok eragina dutela ikusi dugu, besteak beste, eukaliptoek, basogintzak... Lan asko egin izan dugu Bizkaiko Enkarterrietan eta eukalipto dezente dagoen tokia da. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak eukaliptoen inguruko informazioa biltzeko azterketa bat eskatu zidan, eta gure ikerketez gain, beste batzuenak aztertuz, txosten bat egin genuen. Hori da azken urtean zabaldu dena. Lehendik eukaliptoek erreketan eragin kaltegarria zutela ikusten genuen, baina eukaliptoak eta ingurumena lotzen dituzten Iberiar Penintsulako lan guztiek eukaliptoek pinudiak baino okerragoak direla eta bertako basoak baino dezente okerragoak direla erakusten dute.
«Eukaliptoen basoak oso pobreak dira fauna eta florari begira»
Eukaliptoen zein kalte nabarmenduko zenituzke?
Kalteak mota askotakoak dira. Alde batetik, erreken arroetan mugitzen den urean eragiten dute. Euria egiten duen garaian, eukaliptoak dauden tokietan uholde handiagoak izaten dira, eta atertzen duen garaian, lehorte handiagoak. Baina batez ere, eukaliptoen basoak oso pobreak dira fauna eta florari begira, biodibertsitatea baxuagoa da erreketan, lurzoruan, hegaztien artean, landaredian...
Eukaliptoen orbela ere kalitate txarrekoa omen da...
Bai. Ez da kalitate txarreko orbela duen espezie bakarra, baina eukaliptoarena oso kalitate txarrekoa da. Erreketan eukaliptoen eta beste espezie batzuen orbela sartuta esperimentuak egin izan ditugu, eta eukaliptoen orbela duten erreketan askoz ere espezie gutxiago dago, askoz ere biomasa gutxiago. Horren ondorioz, horietatik bizi diren arrainek ere arazoak izaten dituzte, bazka gutxiago dutelako.
«Mugak beharko lirateke, baina eukaliptoa erabat debekatzeak igual mesede baino gehiago kalte eginen luke»
Eukaliptoa debekatu beharko litzatekeela uste duzu?
Debekuek beldurra ematen didate, kontrako ondorioak izan ditzaketelako. Esaterako, Galizian, joan den urtean, eukaliptoari moratoria edo luzamendu bat jartzea erabaki zuten, lehendik eukaliptorik ez zegoen lekuetan oraingoz eukaliptoaren landaketak ez baimentzeko. Otsailean edo martxoan neurria ekainean sartuko zutela indarrean jakinarazi zuten, eta martxotik ekainera ikaragarrizko eukalipto pila landatu zuten. Ez dakit helburua eukaliptoaren basoak ez hedatzea zen, baina kontrako eragina izan zuen. Eukaliptoen basoak oso-oso modu intentsiboan kudeatzen dira eta modu intentsiboan kudeatzen diren basoek, izan eukaliptoak edo izan beste batzuk, mugak behar dituzte. Ez lirateke erreka bazterretan landatu behar, erreka bazterretan bertako basoa utzi beharko litzateke; iturriak eta urtegiak dauden tokietan ustiaketa intentsiboa mugatu beharko litzateke, eta malkar handiko lekuetan ere bai, erosio handiagoa izaten delako. Mugak beharko lirateke, baina erabat debekatzeak igual mesede baino gehiago kalte eginen luke. Baina hori gai zientifikoa baino gehiago politikoa da.
Nafarroan ez dago Gipuzkoan edo Bizkaian adina eukalipto. Nola ikusten duzu?
Nafarroan, oraingoz, oso gutxi dago, izatekotan Bidasoa inguruan mantxa ttiki-ttiki batzuk. Dena den, Gipuzkoan orain gutxi arte ia ez zegoen batere, eta 2020an bikoiztu egin zen eukaliptoaren hedadura. Lehen kosta-kostan izaten zena orain barrurago hedatzen ari da. Segur aski joera bat izanen da, eta datozen urteetan Nafarroan Kantauri aldeko joera ere izan daiteke. Ez da klima edo lur kontua bakarrik, gizartearen araberakoa ere bada. Goizuetan eta Aranon, adibidez, oraingoz jendea ez dago oso alde, baina denbora gutxian alda daiteke...
Zeren arabera?
Faktore asko izan daitezke. Gobernuaren dirulaguntzen arabera, egiten diren kontrolen arabera, lur-jabeek ikusten dutenaren arabera...
«Zura edo kalitatezko ura ekoizteko nahi ditugu basoak?»
Onura ekonomikoari bakarrik begiratzen diogu?
Askok bai, baina gakoa onurak eta galerak nola neurtzen diren ikustea da. Eukaliptoa azkar hazten da, eta gaur egun egurra dezente ongi saltzen da. Baina kalte ekonomikoak ere izaten dira, erreka bat kutsatu edo iturri bat agortzen denean, adibidez. Askotan egurrean bakarrik pentsatzen dugu eta ez ditugu balio ekonomiko oso altua duten beste kontu batzuk kontuan hartzen. Orain dela urte mordoxka Aiako Harriko Natur Parkean bertako basoekin zer egin eztabaidatzen aritu ginen. Garai hartan basoan pinudiak, hariztiak eta pagadiak zeuden, hau da, ustiatzeko basoak eta kontserbatzeko basoak. Hango basoek zuretan eta uretan zenbat diru ematen zuten aztertu ondoren, parkeak uretan zuretan baino 300 bat aldiz diru gehiago ematen duela ikusi genuen. Beraz, zertarako nahi ditugu basoak, zura edo kalitatezko ura ekoizteko? Bertako basoak bultzatzea erabaki zen, herri lurretan ez pinurik, ez kanpoko beste espezierik jartzea. Hori ere ekonomia da.
Pinuaren gaitza, prezioen gainbehera... Nola ikusten duzu etorkizuna? Pinuak bota eta eukaliptoa sartzeko arriskua ikusten duzu?
Pinuaren gaitzak asko eta aspaldiko kontuak dira. Orain dela 20 urte Fusarium gaitza izan zen. Eta intsinis pinuaren gainbehera azpimarratzen da baina intsinisa ez ezik, larizioa, itsas pinua... gehienak oso gaizki daude. Ez da espezie baten gaitza, sistema oso baten gainbehera eta porrota da. Nafarroan, beharbada, ez hainbeste, baina Gipuzkoan eta Bizkaian bereziki, urte askotan basogintza ahalik eta intentsiboena bultzatu dute, eta horrek porrot egin du. Hainbeste egur atera eta atera, azkenean lurra pobretu egiten da eta horrek bere ondorioak ditu. Horrekin batera, espezie gutxi batzuk hainbeste zabaltzen badira, gaitzak aisago zabaltzen dira, eta horrek denak gainbehera ekarri du. Soluzioa eukaliptoa da? Bertako basoek, pagadiek, hariztiek... ez dute arazorik. Arazoak kanpoko espeziekin egindako ustiaketa intentsiboek sortu dituzte, eta horiek huts egin dutela ikusita oraindik intentsiboagoa den zerbait sartu behar da? Epe motzera dirua emanen du, baina epe luzera zalantzak dauzkat.
«Basogintza intentsiboan erabili diren espezie guztiak gainbeheran daude»
Urteotan zein zuhaitz espezie galdu dira gure basoetan?
Asko zabalduak dauden bertako espezie batzuek, gaztainak, adibidez, gaitza du, baina bertako espezie bakarra galdu da, zumarra, eta zuhaitzera ailegatzen ez bada ere, Bidasoa aldean ezpela. Baina bereziki galdu direnak kanpotik ekarri ditugun espezie exotikoak izan dira, basogintzarako erabili izan direnak: intsinis pinua, larizio pinua eta itsas pinua oso gaizki daude, Douglas izeiak arazoak ditu, baita haritz amerikarrak ere. Basogintza intentsiboan erabili diren espezie guztiak gainbeheran daude.
Basogintza eredu berria aldarrikatu izan duzu. Nolakoa?
Ez da hain berria, eredu zaharrera bueltatzea da, naturaren funtzionamendutik hurbilago dagoen basogintza egitea hain zuzen: ahal den neurrian bertako espezieekin eta ziklo luzeagoa duten espezieekin lan egitea, horren intentsiboa ez den basogintza lantzea eta eremu handiak antolatzea. Bidasoan, adibidez, leku malkartsuak babeserako har ditzagun, eta erosoagoak diren beste eremuetan ustia dezagun basoa. Nafarroako basogintza sistema egin dezagun gehiago, eta gutxiago Gipuzkoa eta Bizkaikoa, nahiz eta Nafarroan ere baden denetarik.
«Naturaren funtzionamendutik hurbilago dagoen basogintza egin dezagun, ahal den neurrian bertako eta ziklo luzeagoa duten espezieekin»
Nafarroan lur gehienak herri lurrak eta beste herrialdeetan lur-jabe gehienak partikularrak izateak badu zerikusirik?
Bai eta ez. Herri lurrak gauzak beste modu batera egiteko aukera ematen du, baina horrek ez du esan nahi beti horrela egiten denik. Esate baterako, Bizkaian, herri lurretan eta lur pribatuetan proportzio bertsuan daude kanpoko espezieak eta bertakoak. Nafarroan herri batzuek herri lurretan hainbat baso mota dituzte, baina badira partikularren antzera jokatu duten herriak ere.
30 urteotan, nolako bilakaera ikusi duzu erreketan?
Azken 30-40 urteotan, Kantauri aldera begira dauden erreketan uraren kalitatea asko hobetu da. Ez zen zaila, lehenagotik oso erreka kutsatuak genituelako. Gaur egun, uraren kalitatea askoz hobea da, baina hobea izan daiteke. Erreka gehienetan bainatzea oraindik ez da oso fidatzekoa edo ezin daiteke ura edan. 30 urteotan asko kaltetu dena habitat fisikoa izan da. Esate baterako, erreka asko kanalizatu dira eta horrek bestelako kalteak eragin ditu. Beraz, garai batean batere arrainik ez eta gaur egun amuarrainak eta izokinak dituzten erreka asko daude, baina errekei lotutako beste espezie batzuek gainbeheran segitzen dute; adibidez, ur satorrak edo bisoi europarrak.
Klima aldaketak ur gezetako ekosistemetan zer eragin duen aztertzeko laborategi elkartu batean parte hartzen ari zara...
Frantziako ikerketa sistemak duen figura da. Nazioarteko laborategi elkartua deitzen dio eta Frantziako unibertsitate edo ikerketa zentro bat atzerriko beste batekin edo birekin lotzen da. Kasu honetan, Angelun egoitza duen Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitateak gurekin [EHUrekin], eta Kaliforniako Berkeleyko Unibertsitatearekin lotzea erabaki du. Hiru talde hauetan erreketan aritzen garen ikerketa taldeak gaude. Bakoitzak bere laborategiak, bere gaiak eta bere adituak ditu, baina askotan hankamotz gelditzen gara. Laborategi elkartu honen bidez, indarrak batuz, bakarka egin ezin ditugun ikerketak egin nahi ditugu.
«Artikutzan natura ziztuan ari da bere lekua berreskuratzen»
Bestalde, Artikutzako urtegiaren hustuketa hurbiletik segitu zenuen. Nolakoa izan zen?
Izugarri interesgarria izan zen. Munduan milioika presa ttiki eta milaka presa kozkor daude eta denek epe mugatua dute. Zaharkitu egiten dira, eta denborarekin erabili gabe eta arrisku bihurtzen dira. Hori gertatu zen Artikutzako Enobietako presarekin. 1947an, Donostia urez hornitzeko, eraiki zuten, baina gero Añarbekoa egin zutenean, zentzua galdu zuen. Urtetan, utzikeriaren utzikeriaz, erabili gabe eta segurtasunik gabe egon da. Bi aukera zituen: segurtasun mekanismoak eguneratzen diru pila gastatu edo deusetarako erabili behar ez bada kendu. Kentzea erabaki zuten eta horretarako lehenbizi hustu egin behar da, eta ez da erraza. Hustuketa horrek ekar zitzakeen ondorioak ikertzearen arduradunak izan ginen, eta poliki eta oso-oso ongi egin zen. Horrez gain, Artikutzako leku batzuetan presaren eragina nabaria zen uraren kalitatean eta bertako arrainetan eta ornogabeetan... Urtegia hustuta, inpaktu horiek segidan desagertu dira, eta orain presa zegoen tokian, Enobietako errekak garai bateko bere ibilbidea hartu du, eta izugarrizko indarrean heldu da basoa. Ez hori bakarrik, beste erreka guztietan izaten diren xomorroez gain, ur satorra, igaraba... agertu dira. Natura ziztu bizian bere lekua berreskuratzen ari da.
Zenbat denbora beharko du lehenago zuen egoerara bueltatzeko?
Oso denbora gutxian ia ez da diferentziarik sumatzen erreka horren eta beste erreken artean. Itzal gutxi du, hori bai, zuhaitzak oraindik hartzen ari direlako eta 10-20 urte beharko dira basoa ixteko. Ezin daiteke esan egun batetik aurrera inpaktu guztia bukatua izanen denik, segur aski ongi aztertuz gero, hamarkada batzuetan diferentzia batzuk sumatuko ditugulako, baina gero eta gutxiago.
«Enobietako urtegia hustuta onurak askoz gehiago dira»
Espezie batzuk agertu eta beste batzuk desagertu dira?
Segur aski izanen ziren plankton espezie batzuk urtegian, baina berez bertakoak ez zirenak. Urtegian erreketako karramarroa ere bazegoen, baina horrelakorik ez da sekula izan Artikutzan. Orain dela hamar bat urte, oker ez banago Leurtzako urtegitik eraman eta Artikutzan askatu zuten, eta dezente ugaritu zen. Orain, urtegia hustuta, bat edo beste geldituko dira errekan, baina berez ez da Artikutzako espeziea, bertako ura ez delako kareduna, eta bertako biztanleek ere karramarroa bertan ez zutela ezagutzen esaten dute. Gure ikuspuntutik, hori murriztea ez da kaltea. Presa hustuta onurak askoz gehiago dira.
Europan hustu duten urtegi handienetarikoa da Artikutzakoa...
Bidasoan, Urumean eta beste leku askotan presa ttiki asko bota dituzte. Handiak, ordea, oso gutxi, Enobietakoaz gain, Normandian altuera bereko beste bat bota dute. Ameriketan handiagoak bota dituzte baina han ere oso gutxi, eta husten diren neurrian inportantea da zer gertatzen den ikertzea, gutxi dakigulako eta zerbait gaizki egiten badugu akatsak ez errepikatzeko.
Zer ikasi duzu?
Presa poliki-poliki hustu izana oso inportantea dela izan da ondorio nagusia. Enobietakoak urtebete baino gehiago pasatu du husten. Horrekin batera, uraren mailan gorabeherarik ez izatea ere garrantzitsua da. Hustu eta bete, hustu eta bete... horrek landarediaren kolonizazioa geldiarazten du eta zailagoa da lokatzak egonkortzea. Artikutzan, ordea, ez dugu kalterik detektatu. Uraren maila poliki-poliki jaistea eta jarraipen zehatza egitea garrantzitsua izan da.
Ondoko urteetan halako presa handi gehiago hustuko dira?
Badira sedimentuz betetako presak, eta bi aukera dituzte, sedimentu hori atera eta presa martxan jarri, edo presa kendu, eta presa kentzeko lehenbizi hustu behar dira. Hortaz, gehiago hustuko dira, bai, seguru.
Zuk esana da «aintzira baten antza izan arren, urtegia ibaiei kalte egiten dien egitura artifizial bat baino ez dela, eta zahartzean, ingurunean ahalik eta kalte ttikiena eginez kendu behar dela»...
Urtegi batek laku bat dela irudi dezake, baina bi alde nabarmen dituzte. Alde batetik, aintziretan ur maila konstantea da, ura oso gutxi aldatzen da, baina urtegiek ur mailan gorabehera handiak izaten dituzte. Aintziren ertzetan normalean landare asko izaten da, eta urtegien ertzak normalki nahiko soilak dira, urak gora eta behera egiten duelako, eta horrek ertzak higatzen dituelako. Askoz ere pobreagoak dira urtegiak. Bestetik, aintzirek beti azaleko ura galtzen dute. Urtegiek, ordea, askotan hondoko ura askatzen dute eta ur hori, askotan, oxigeno aldetik pobrea da, eta hori kaltegarria izan daiteke. Artikutzako urtegiak, garai batean, metal asko askatzen zuen, burdina eta manganesoa, urtegiaren hondoan oxigenoa falta izanda, metal horiek gehiago askatzen zituen. Kontzentrazio handietan toxikoak dira, bai animalientzat, bai jendearentzat. Urtegia hustu denetik askoz metal gutxiago du errekak.
Zein aholku emanen zenuke basoak, errekak, mendiak... zaintzeko?
Aurreneko aholkua ingurumena zeinen garrantzitsua den ulertzea da. Gaur egun, krisi izugarria dugu, osasun krisia dela, krisi ekonomikoa dela... Horiek guztiak krisi zabalago eta sakonago baten parte ttiki bat dira, eta krisi hori gizakiak planetan sortu duen ingurumen krisia da. Planetan gure hankaren arrastoa nola murriztu pentsatzen hasi behar dugu, eta horrek hanka azeleragailutik altxatzea eskatzen du. Ezin dugu gero eta azkarrago eta gero eta modu intentsiboagoan kudeatu. Pixkanaka-pixkanaka ekosistema naturalak berreskuratzen hasi behar dugu, errekei eta gainerakoei beraien lekua uzten. Konparaziora, oso nabarmenak dira uholdeetan izaten diren arazoak. Urte asko eman ditugu uholdeen soluzio bakarra kanalizazioak eta horrelakoak izan direla pentsatuz, baina horrek muga gainditu du. Etxeak erreka ertzetan egin ditugula konturatzen hasi eta errekari lekua ematen hasi behar dugu. Horrekin batera, baso naturalak berreskuratzen eta loturak ulertzen hasi behar dugu. Hau da, ur garbia nahi badugu arroan zer dugun jakitea oso inportantea dela ulertu behar dugu. Zenbat eta baso gehiago izan, eta bereziki erreka ertzetan zenbat eta baso gehiago izan, orduan eta ur garbiagoa edukiko dugu. Hemendik ehun urtera biziko direnek ikaragarrizko garrantzia emanen diote ingurumenari, azken batean, beraien bizi kalitatea horren menpe egonen delako. Hemendik mende batera edukiko dugun ingurumena gure erabakien ondorio izanen da.