«Urtebete daramat momentu honen zain eta azkenean lortu dut. Bai nik baita taldeak ere lan handia egin dugu. Emaitza garrantzitsua lortu dugu eta etorkizunera begira konfiantza handia ematen dit, etorkizuneko munduko kopetan lagunduko baitit». Halaxe, pozik eta gustura, mintzatu zen Adur Etxezarreta Rezola (Areso, 1996) joan den ostiralean Italian lortutako emaitzaren ondotik.
Aresoarrak minutu bat, 47 segundo eta 71 ehunen behar izan zituen helmuga zeharkatzeko, Nicolo Molteni italiarrak bezala, eta hala, bigarren postua bientzat izan zen. Lars Roesti suitzarrak irabazi zuen proba, 15 ehunen gutxiagoko denbora eginda.
Ibilbide ederra osatzen ari da Etxezarreta. Aurreko denboraldian, esaterako, munduko kopako hiru probetan parte hartu zuen eta Italiako Cortina d’Ampezzon jokatutako munduko txapelketan ere izan zen. Aurten, berriz, urtea hasi orduko, lehenengo lorpena lortu du Italian jokatutako Europako kopako jaitsiera proban.