Urtezahar arratsaldean piztu zen Goizuetako lehenbiziko sutea, «Artikutzan, Arantzako mugan». Alkateak kontatu duenez, «ilunabarrerako itzali zuten, baina Cordovillako suhiltzaileen parkeko laguntza-guardia bat han gelditu zen». Astelehen arratsaldean piztu zen bigarrena, «urtezahar egunekoaren leku berdintsuan. Suhiltzaileek berriz joan behar izan zuten eta itzali zuten».
Ez ziren hor bukatu su kontuak Goizuetan: «Atzo goizean, Goizuetako beste paraje batean sutea piztu zen. Herritik oso aparte izan gabe, baina mendian, errekaren ezker aldean». Bost egunetan hirugarrena. «Eguerdirako kontrolatua zuten, eta atzo arratsaldetik bota duen euriarekin erabat itzalia dago», gaineratu du Mirandak.
Hego haizea zakarra eta aurreko egunetako lehortea izan dute kontra hiru suteetan: «Atzo goizera arte hego haize handia izan da, bero egiten zuen, eta bazterrak oso lehortuak zeuden. Egoera arriskutsua zen eta halakoetan, ezin izaten da jakin sua nora joanen den».
«Zorionez ez da kalte nabarmenik izan»
«Zorionez», ordea, ez da kalte nabarmenik izan: «Oraindik ez ditugu neurtu kalteak, baina ez da kalte pertsonalik izan, ez da landaketarik erre, ezta bordarik ere. Suertez, ez da izugarrizko kalterik sortu. Bereziki larrea eta otea erre da, eta dena herri lurretan. Goizuetan gehiena herri lurra da».
Bestalde, «baieztatzeko probak behar direla» dioen arren, «itxura guztien arabera, suteak nahita emandakoak izan direla esan dezakegu. Hala esan didate hor ibili direnek».
«Kezka» eta «tentsio handiko uneak» izan direla ere ez du ukatu, «batez ere suhiltzaile boluntarioentzat. Suhiltzaile boluntarioentzat eta beraien familientzat tentsio handiko momentuak dira. Arriskua hor zegoen, eta hori ukaezina da. Herenegun gauean Artikutzako bigarren sutea itzali eta handik bizpahiru ordutara beste suari aurre egitera joan behar izan zuten». Alde horretatik, beraien lana «goraipatu eta eskertu» nahi izan du alkateak. «Eskertzekoa da herriko suhiltzaile boluntarioen lana. Artikutzakoan Lesakako suhiltzaile boluntarioak ere ibili ziren, eta Oronozko eta Cordovillako suhiltzaileen parkeetako suhiltzaileek ere parte hartu dute sute hauetan. Gure aldetik denei eskerrak eman nahiko genizkieke».
«Mendia denona da eta denon ardura da mendia zaintzea»
Eskerrak emateaz gain, «mendia denona» dela ere gogorarazi nahi izan du Mirandak: «herri lurrak dira, mendia denona da, eta denon artean zaindu behar dugu. Halako erreketak egitean badakigu sua non hasten den, baina askotan oso zaila da non bukatuko den jakitea».