Aurten aurreikusita dauden inbertsioei dagokienez, 474.000 euroko inbertsioa eginen da, institutuaren parean dagoen futbol-zelaian argiztatutako estalpea egiteko. Horrez gain, beste bi eremu hobetu dira, eta hainbat jarduera egingo dira eremu horretan, irisgarriagoa izan dadin. Horretarako, EH Bilduren eta Foru Gobernuaren artean negoziatutako zuzenketen ondorioz, Nafarroako Aurrekontu Orokorretan 394.000 euro sartu dira proiektu horretarako. Egitasmoa gauzatzeko, Leitzako Udalak eta Nafarroako Gobernuak lankidetza hitzarmena sinatuko dute eta udalak 80.000 euroko ekarpena eginen du.
Mimukai, tokiko garapen proiektuari bultzada berria
Era berean, toki-garapena bultzatzeko, Plazaolako geltoki zaharreko lursailaren lagapena lortu ondotik, 7.300 euroko partida bat bideratuko da aurreproiektu tekniko bat eta bideragarritasun plan bat idazteko, etorkizunean aterpetxe bat, taberna-kafetegi bat, turismo-informaziorako gune bat eta bizikletak alokatzeko zerbitzua duen tailer bat egokitzeko.
Mendiko bideak hobetzeko 120.000 euroko inbertsioa
Bestalde, bideak hobetzeko 120.000 euroko inbertsioa aurreikusten da aurten, eta % 50 inguru Nafarroako Gobernuak diruz lagunduko du. «Leitzalarrea eta Sorogain inguruetan abeltzainek eta herritarrek gehien erabiltzen dituzten bideetako batzuk egokituko dira», aurreratu du Zabaletak.
Kultur programazioa osatzeko 40.000 euro
Kulturari dagokionez, aurrekontuan 40.000 euroko partida aurreikusten da Leitzako Herri Aretoaren kultur programazioa osatzeko. «Leitza laster sartuko da Nafarroako Antzoki Sarean, horretarako behar diren baldintza guztiak betetzen baititu gaur egun», aurreratu du alkateak.
Udalaren zorra urtetik urtera txikiagoa da
Bukatzeko, Leitzako Udalak duen zorpetze-mailak beheranzko joerarekin segitzen du beste urte batez. «2021. urtea 560.000 euroko zorpetzearekin amaituko dugu –dio alkateak–, hau da, sarrera guztien % 18arekin».