'Leitzaketa' mahai-jokoaren bertsio berritua eta eguneratua egin dute

Ttipi-Ttapa 2021ko abe. 21a, 13:00

Leitzari buruzko galderak erantzun behar dituzte parte-hartzaileek

Mahai-jokoarekin zein gailu digitalen bidez jokatzeko aukera izanen da

Duela 20 urte inguru Leitzaketa izeneko mahai-jokoa sortu zuten Leitzako euskara zerbitzuak eta kultur taldeak, eta arrakasta handiz zabaldu zen herriko etxeetan eta herritarren artean. Leitzari buruzko 1.000 galderarekin osatutako jokoa da, entretenigarria eta, aldi berean, herria ezagutzeko baliabide ederra.

Orain, Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitateko euskara zerbitzuak eta Leitzako Udalak sortutako lantalde batek mahai-jokoaren bertsio berritua eta eguneratua egin du. Abenduaren 17an egin zen jokoaren aurkezpena Balikebale lehiaketan eta denon eskura dago dagoeneko. Gaur egungo teknologietara moldatu dute, eta horrek aukera emanen du galdera-erantzun horiek etengabe berritzeko, eguneratzeko edo zuzentzeko. 1.200 galdera baino gehiago ditu, eta gehiagorekin osatzen joanen dira.

Joko berriarekin partida kolektiboak eta gai edo data zehatzen inguruko partidak sortzen ahalko dira, eta jokatzeko bi modu izanen ditu; mahai-jokoa eta gailu bidezkoa. Mahai-jokoa ohiko joko-taula izanen da, kubo, fitxa eta dadoarekin. Galdera-erantzunak, ordea, fitxatan egon beharrean leitzaketa.eus webgunean izanen dira. Taula, dado eta fitxak udaletxean, euskara zerbitzuen bulegoan eta Astitz eta Maimurren daude salgai 10 eurotan. Bigarren aukera telefono, tablet edo ordenagailu bidezkoa da. Bakarka edo taldeka jolasteko aukera ematen du webgune beraren bitartez eta doakoa da.

Leitzaketa, beraz, edonoren eskura dagoen jokoa da, bakarka edo lagunekin entretenitzeko eta, bide batez, Leitza hobeki eta sakonago ezagutzen laguntzen duena.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun