Euskal presoak Euskal Herrira hurbiltzeko azken urtean egindako urratsak «positiboki» baloratzen dituela adierazi du Sarek; «senideen zama arintzea ekarri du, presoak bisitatzeko distantzia luzeak murriztean». Hala ere, 195 presoetatik 104 oraindik Euskal Herritik urrun daudela oroitarazi dute, «haien eta haien familien eskubidek urratzen. Era berean, ez gaitezen ahaztu espetxean larriki gaixo dauden presoez ere, beraien osasunerako eskubidea bera ukatzen zaielarik».
Egoera honi konponbidea bilatzeko hainbat egitasmo antolatu dituzte, horietako zenbait Leitzan. Abenduaren 24ean presoei postalak bidaltzeko aukera izanen dute leitzarrek, «elkarbizitzaren, bakearen eta etxeratzearen aldeko aldarriak ere beraiengana iritsiaraziz». 17:30etik 19:30era herriko plazan egonen den mahaiaren bitartez bidaltzen ahalko dituzte herritarrek jasotako postalak. Abenduaren 31n Iruñeko Baratxurien plazan presoen aldeko ekitaldi bat eginen dute; bertsolariak, dantzariak, zuzeneko musika, hitzarteak… izanen dira bertan eta urte berriari topa eginen diote. Egun berean, Leitzako plazan, mosaiko girotua eginen dute 18:30ean.
Honez gain, urtarrilaren 8an Bilboko eta Baionako kaleak betetzeko erronka jarri dute, 'Elkarbizitzarako, bakerako, etxerako bidean' lemapean. «Bake eta elkarbizitza demokratikorako bidea egin nahi dugu, presoen etxerako bidea azkartuz. Elkarbizitza ezinezkoa delako euskal presoei aplikatzen zaien salbuespen-legeriak eragindako eskubide-urraketa desagertzen ez bada». Leitzatik autobusa antolatu dute Bilbora joateko. Urtarrilaren 6ra arte izanen da zerrendan izena emateko aukera Torrean eta Maimurren.