Igande eguerdian Urdulizen (Bizkaia) jokatu zen Euskal Herriko ingude-jasotze txapelketan hirugarren izan zen Josetxo Urrutia leitzarra. 18 kiloko ingudeari 84 jasoaldi eman zizkion minutu eta erdian. Josu Marturet nafarra izan zen txapeldun 88 jasoaldirekin eta Gorka Etxebarria bizkaitarra bigarren 86 jasoaldirekin.
Urrutiaren atzetik sailkatu ziren Unai Goitia gipuzkoarra (81 jasoaldi), Beñat Obieta bizkaitarra (77 jasoaldi) eta Pablo Alvarez bizkaitarra (67 jasoaldi).
Txinga eta giza proba ere
Gizonezkoen Euskal Herriko txinga-eroate txapelketa ere jokatu zen Urdulizen eta Kerman Perez de Heredia arabarrak nagusitasunez jantzi zuen txapela, 44 plaza eginda. Eloy Salterain izan zen bigarren (11 plaza eta 0,87 metro) eta Jon Beobide hirugarren (4 plaza, ¾ eta 5,03 metro).
Euskal Herriko giza proban, berriz, Joseba Sanchez suertatu zen txapeldun, 800 kiloko harriarekin bi plaza, ¾ eta 0,27 metro eginda. Mikel Alzola izan zen bigarren (2 plaza, ½ eta 5,85 metro) eta Bernardo Ureta Urpe hirugarren (2 plaza, ¼ eta 4,74 metro)