Hodei Lujanbio

«Espero dut federazioko juntarekin hitz egiten jarraitu eta guztia moldatzea nahiz eta egoera zaila den»

Ttipi-Ttapa 2021ko abe. 16a, 15:00

Hodei Lujanbio euskal selekzioarekin Mendi Lasterketetako Munduko Kopan, ezkerretik hasita hirugarrena.

2021eko mendi lasterketetako euskal selekzioko lasterkari guztiek selekzioarekin ez dutela lasterka eginen adierazi dute. «Onartezintzat» jo dituzte Euskal Mendizale Federazioko zuzendaritzak hartutako erabakiak eta 2021eko lasterkari guztiek sinatu dute oharra. Tartean da Hodei Lujanbio goizuetarra.

Duela egun batzuk oharra kaleratu zuten 2021eko mendi lasterketako euskal selekzioko lasterkari guztiek, tartean, Hodei Lujanbio goizuetarrak. Adierazi dutenez, «azken urteetan hautatzaile moduan aritu diren Gaizka Barañano eta Asier Arregi beren postuetatik kaleratuak izan dira» eta euskal selekzioko lasterkariak «ez gaude batere ados hartutako erabakiarekin».

2021eko otsailean egin zituzten Euskal Mendizale Federazioan zuzendaritza berria aukeratzeko hauteskundeak eta zuzendaritza berriarekin kexu agertu dira. «Zuzendaritzako kide berriek azken urte hauetan guztietan hautatzaileek egindako lan boluntarioa bertan behera utzi dute bederatzi hilabete hauetan. Ohorea izan da kamiseta hau janztea, baina zuzendaritza honek jarraitzen duen bitartean, gaur egun euskal selekzioa osatzen dugun lasterkariok uko eginen diogu selekzioarekin lasterka egiteari, bere erabakia aldatu ezean».

Urteotan hautatzaileek egindako lana nabarmendu dute: «Euskal Mendi Federazioak bideratutako euskal selekzioko lasterkariak boluntario lanetan aritzen diren hautatzaileek aukeratzen dituzte». Baina horrez gain, «federazioaren eta lasterkarion arteko zubi-lanak egiten» dituztela gaineratu dute,  «bilerak egin, bidaiez arduratu… Makina bat buruhauste izaten dituzte, eta askotan, poltsikotik dirua aurreratzen dute». Baina hautatzaileak hortik harago joan direla nabarmendu dute: «Lasterkarion artean giro ona eta talde batua izatearen ideia sustatu dute, eta hori izan da selekzioak izan duen arrakastaren giltza eta inbidia; talde giroa».

«Federazio berriak ez du orain arte hitz egiteko asmorik erakutsi»

Hodei LUJANBIO, Goizuetako lasterkaria

Hodei Lujanbio Goizuetako lasterkariak bukatu berria den denboraldian bi lasterketa egiteko aukera izan du euskal selekzioarekin, Munduko Kopako azken bi lasterketak, hain zuzen, Frantziako eta Italiako Alpeetan. Emaitza onak izan ditu aurten, eta horren «saritzat» hartu du lasterketa horietarako gonbidapena. Baina hurrengo urteari begira «ez dakit zein egoeratan geldituko garen». Hautatzaileen kaleratzearen harira, babesa adierazi du Lujanbiok ere, baina gaineratu duenez, «espero dut federazioko juntarekin hitz egiten jarraitu eta guztia moldatu ahal izanen dugula». Azkena izan da taldean sartzen, eta dioenez, «ez dut informazio asko izandako gorabeheren inguruan, baina pena da hainbeste urtez hain ongi funtzionatu eta hain emaitza onak eman dituen taldea horrela gelditzea». Horregatik, «guztia konpondu eta aurrera jarraitzea espero eta nahi» duela onartu du, «nahiz eta egoera zaila den, federazio berriak hitz egiteko asmorik ez duelako erakutsi orain arte».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun