Plazaola Partzuergo Turistikoak teknikari lanposturako deialdia egin du Lekunberriko turismo bulegorako, oposizio-lehiaketa bidez. Teknikari plaza urgentziaz bete nahi dute, lanaldi osorako eta hurrengo urteko urtarrilaren 3tik abenduaren 9ra arte aritzeko.
Oposaketak bi fase izanen ditu; teorikoa eta praktikoa. Deialdi bakarra eginen da eta hautagai bakoitzak lortutako puntuazioaren batura eginen dute. Azken kalifikazioan gutxienez 50 puntu lortzen ez dutenak baztertuak izanen dira. Proba gainditzen dutenekin zerrenda bat eginen dute puntuazioekin handienetik txikienera eta web orrian argitaratuko dute. Horrela, lanpostua betetzeaz gain, aldi baterako kontratazio zerrenda osatuko dute, behar izatekotan, profil bereko edo antzeko lanpostuak bete ahal izateko.
Deialdian parte hartu nahi dutenek abenduaren 17ko 13:00ak baino lehen eman beharko dute izena eskabidea betez edo Plazaolako Turismo Partzuergoaren egoitzan. Eskabidea egiterakoan merezimenduak frogatzen dituzten agiriak aurkeztu beharko dira eta baita NANaren fotokopia edo B motako gidabaimena eta identifikazio agiri baliokidea. Horretarako formularioa bete behar da edo tokian bertan beharrezko dokumentazioa aurkeztu. Informazio gehiagorako eskuragarri daude 948 50 72 05 telefono zenbakia eta plazaola@plazaola.org helbidea.