Euskal Herriko ingude-jasotze txapelketan ariko da Josetxo Urrutia leitzarra

Ttipi-Ttapa 2021ko abe. 15a, 09:00

Josetxo Urrutiak bederatzi aldiz irabazi du Nafarroako ingude-altxatze txapelketa eta behin Euskal Herrikoa, 2015ean.

Euskal Herriko ingude-jasotze txapelketa jokatuko da abenduaren 18an, larunbatean 11:30ean Urdulizko (Bizkaia) Iparralde kiroldegian. Josetxo Urrutia leitzarra izanen da eskualdeko kirolari bakarra.

Urrutiarekin batera, Iosu Marturet nafarra, Beñat Obieta eta Pablo Alvarez bizkaitarrak eta Gorka Etxeberria eta Unai Goitia gipuzkoarrak ariko dira, 18 kiloko ingudearekin minutu eta erdian ahalik eta jasoaldi gehien eginez.

Txinga-eroatea eta giza proben bigarren multzoa

Ingude-jasotze txapelketaz gain, txinga-eroate txapelketa eta giza probako bigarren multzoa ere lehian ariko dira Urdulizen. Txinga-eroaten, Kerman Perez de Heredia eta Jon Beobide arabarrak eta Eloy Salterain bizkaitarra ariko dira lehian.

Giza probako bigarren multzoan, berriz, Arabako Joseba Sanchez, Bernardo Ureta eta Juan Carlos Lopez eta Bizkaiko Iker Murueta ariko dira. Joan den larunbatean Eneko Bilbao bizkaitarrak egindako marka (2 plaza eta laurden eta metro bat eta 22 zentimetro) hobetu beharko dute txapela janzteko. Bertzela, Eneko Bilbao bera izanen da txapeldun.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun