Estitxu Lertxundi Beñaran

«Zaila da jendea erosketak egiteko herrian gelditzea»

Ttipi-Ttapa 2021ko abe. 18a, 09:45

«Herri txiki bateko denda», halaxe deskribatu du Estitxu  Lertxundik Leitzako Ariztela. Kortinak, toallak, mertzeriako objetuak, kortseteria, barneko arropa, baserritar jantziak… denetariko objektuak saltzen dituzte bertan. Denda baino gehiago ordea da Ariztela, jostundegia ere baita. 

Gabon garaia lan handiko sasoia izaten dela dio Lertxundik, saltzeko produktu asko iristen zaizkielako, eta baserritar arropekin lan asko egiten dutelako. Hala ere, lehenagotik hasten dira lanarekin, «urri alderako edo». Gabonekin batera inauterietako prestaketak ere hasten dira, Leitzan urtarrilean izaki, jendeak garaiz erosten dituelako telak. Azken urteetan, gainera, jendea baserritar arropen bila ohi baino lehenago joaten dela kontatu du: «Urrian jendea etortzen da arropa bila, eta baita tokillak eta antzerakoak josteko hari bila. Orain ohitura handia dago gabon aurretik baserritar arroparekin argazkiak ateratzeko.

«Gabonetan jendeak badu ohitura herrian zerbait erosteko. Bai produktuak interesatzen zaizkielako, 
edota herrian erostearen kontzientzia hori ere badutelako»

Leitzako Kaxkabeltza merkatarien, Denok bat federazioaren eta Toptopa.shop-aren parte da denda. Azken hori salmentarako erreminta ona dela uste du «eskaparate funtzioa» betetzen duelako: «Lehen askotan jendeak telefonoz deitu eta lan handia zen argazkiak ateratzearena. Orain dena dago txukun txukun hor». Elkarteen barrenean egoteak babes moduko bat ematen diola dio Lertxundik: «Segurtasun handia ematen dit. Taldearen parte sentitzen naiz, eta horrek indar handia du kanpotik presio asko dagoen garai honetan». Presioa aipatzean online bidezko erosketei bidez ari da, izan ere iruditzen zaio gazteen artean, batez ere, ohitura handia dagoela. «Zaila da jendea  erosketak egiteko herrian gelditzea, Gero, dendak ixtean konturatzen dira». Gabonetan, ordea, hori  aldatzen dela uste du: «Jendeak badu ohitura herrian ere zerbait erosteko, bai produktuak interesatzen zaizkielako, edota herrian erostearen kontzientzia hori ere badutelako».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun