Kulturarekiko interesak ireki zion «Basauriko antzerki eskolan antzerkia eta Bartzelonako Centre de Estudis Cinematografics de Catalunyan zinea» ikasteko bidea. Urte batzuk eman zituen Bartzelonan lanean, Euskal Herrira itzulita Kultur eta Gizarte Antropologia ikastea erabaki zuen arte. Duela zenbait urte Beheko Larraine konpainia sortu zuen, eta dioenez, «euskarazko antzerkigintzari indarra ematea izan da nire helburu nagusia». Berriki, Leitzako kultur teknikariaren lanpostua lortu du eta pozik sumatu dugu, «orain arte oholtzatik egin dudana beste aldetik egiteko aukera» izanen duelako, eta hala, «Nafarroan euskal kultura sustatzeko» bidean bere alea jartzen ahalko duelako. Gainera, «horretarako Leitzako plaza baino hoberik ez dagoela» dio; «herri mugimendu handia dago eta kultur eragile asko daude».
Zer moduzko hasiera izan duzu?
Azaroaren 5ean hasi nintzen lanean, eta hasiera bikaina izan da. Sei urte daramatzat herrian bizitzen, herriko jendeak ezagutzen nau eta badaki kultura- zale amorratua, antzerkilaria eta sortzailea naizela, euskal kulturaren alde borrokatzen dudala... Egia esan, harrera bikaina egin didate, bai udalean, baita kalean ere. Konfiantza sentitu dut, eta azaroaren 24ko aurkezpenean horixe eskatu nien, konfiantza. Aurkezpenean herriko kultur eragileetako ordezkariak bildu ziren, eta oso sentsazio ona izan nuen.
Nola funtzionatuko duzue?
Gure asmoa kultur mahaia osatzea da, eta mahai horretan eragile guztiek ordezkaria izanen dute. Eragile bakoitzak bere proposamenak aurkezteko aukera izanen du, eta denon artean urte osoko egitaraua osatuko dugu. Herriko eragileek urtetik urtera ospakizunen egutegi bat osatu dute eta Herri Aretoko programazioak horrekin bat egin behar du, beste eragile bat bailitzan. Herri txikia gara eta programazio aberatsa egin nahi dugu, baina neurrian, saturazioa saihestuz.
Zein asmo dituzu?
Eskaintza aberatsa egin nahi dut eta, nire aldetik ahalik eta kultura gehien kontsumitu beharko dut, gero Leitzara egokiena ekartzeko. Programazioaren % 98 euskaraz izanen da, baina ez dut euskarazkora mugatu nahi. Adibidez, nazioarteko egunean, kanpoko konpainia bat gustura ekarriko nuke, eta zinea jatorrizko bertsioan proiektatzea espero dut. Leitzan zineak oso ongi funtzionatu izan du eta hilabetean bi asteburutan programatu nahi nuke, antzerkia hilean behin, kontzertua bi hilabetetik behin, dantza, ikastaroak beharraren arabera... Programazioarekin hasteko gogotsu nago, baina kontua mantso doa, ministerioak ez ditu gauzak erraz jartzen. Ongi egiteko pausoz pauso egin behar dugu.
Udalak apustu handia egin du kulturari dagokionez. Herri aretoa egokitu, teknikaria kontratatu...
Niretzat kultura ez da aisialdia bakarrik. Hezkuntzarako ezinbesteko erreminta da, pedagogikoa, pentsamendu kritikoa garatzeko ezinbestekoa. Beharrezkoa da aisialditik kanpo kultura aztertzea, eta erreminta politikoa, soziala eta ekonomikoa ere bada. Kulturak harremanak sortzen, gure identitatea garatzen, mundua ulertzen... laguntzen du. Eta hori eskaintzeko aukera izatea goxoki handi bat da niretzat.
Kultura aldetik, nolako herria da?
Oso herri bizia da eta euskal kultura sustatzeko ez dago Leitzako plaza baino hoberik. Eragile guztiak kudeatzea lan handia izanen da baina gogotsu nago. Ez naiz administrari bat, kulturatik nator eta espero dut ongi egitea. Ez dut nire programazioa inposatu nahi, hitz eginez aurrera egin nahi dut eta beti eragileei laguntzeko prest egonen naiz.
Leitza Nafarroako Antzoki Sarean sartuko da. Azalduko zenuke?
Bai, otsailetik aurrera izanen da. Herri Aretoak aukera berriak sortu ditu eta nabarmenetako bat Nafarroako Antzoki Sarean sartzea izanen da. Sare horretan sartzeko baldintzak betetzen ditu Leitzak: aretoak eserleku kopuru jakin bat izatea, hornidura tekniko zehatza, kultur teknikaria... Sare horrek bestelako presentzia emanen dio Leitzari. Aldi berean, Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzak eskuratzeko atea irekiko du, eta horrekin kalitatezko programazioa osatu nahi dut. Dirulaguntzarik gabe, zaila da urte osoko programazioa egitea.
Zein da zure erronka nagusia?
Herri aretoa euskal sortzaileentzat eta euskal publikoarentzat erreferentziazko plaza bat izatea gustatuko litzaidake.