Leitzako Balikebale lehiaketarako sarrerak salgai daude

Ttipi-Ttapa 2021ko abe. 8a, 13:00

Astitz eta Maimurren eskuratu daitezke zortzi euroren truke

Abenduaren 17an eginen dute aurten Leitzako Herri Aretoan Balikebale lehiaketa, Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitateak udalaren laguntzarekin antolatutakoa. Lau hirukote ariko dira bertan lehian. Talde batean Andrea Kasares, Amaia Ezkurdia eta Luken Kasares ariko dira; bigarren taldea Julian Zabaletak, Eneko Eizagirrek eta Urko Olanok osatuko dute; hirugarrena Harkaitz Delgadok, Iraitz Uriartek eta Saioa Salbarredik eta laugarrena Eden Gastearenak, Arkaitz Olanok eta Beñat Zabaletak.

Lehiaketa ikusteko sarrerak salgai daude zortzi eurotan Astitz eta Maimurren eta 14 urtetik goitikoentzako izanen dira. Ekimenaren egunean, 18:40ean irekiko dituzte aretoko ateak ikusleak sartzeko.

Sari potoloak

Lehiakideek sari potoloak izanen dituzte zain: 450 euroko txekea, otorduak, kultur ekintzetarako sarrerak, herriko produktuak... Baina antolatzaileek aurreratu dutenez, ez dute lehiaketaren garapenari buruzko «inolako pistarik» izanen. Dabid Anaut euskara teknikariak Ttipi-Ttapari adierazi dionez, «sekretupean gordetzen saiatzen gara. Sorpresa izanen da».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun