Aurre-begirale izateko ikastaroa eginen dute Leitzan eta Larraunen abenduan

Ttipi-Ttapa 2021ko abe. 7a, 12:00

14 eta 17 urte bitarteko eskualdeko gazteei zuzenduta dago ikastaroa eta doan izanen da

Urtxintxa Aisialdi Eskolak aurre-begirale izateko ikastaroa emanen du abenduaren 18an, 27an, 28an eta 29an. Bi egunez Larraunen eta bi egunez Leitzan, 09:30etik 14:30era izanen dira tailerrak,  azken egunean izan ezik, 10:00etatik 18:00etara izanen baita, bazkaria barne. Ikastaroa, bazkaria eta garraioa doan izanen dira. Leitzako eta Larraungo Udalak antolatu dute ikastaroa Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateekin batera eta Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin.

Eskualdeko 14-17 urte bitarteko gazteentzat dago zuzendua ikastaroa, eta Urtxintxako Diploma Ofiziala jasoko dute parte-hartzaileek. Plaza mugatuak izanen ditu, beraz, abenduaren 14a baino lehen eman beharko dute izena interesatuek. Hiru aukera izanen dute horretarako; Amazabal institutuko tabloietan izena ematea, whatssappez edo telefonoz deitzea 605 46 68 05 edo 681 26 51 89 zenbakietara eta korreo elektronikoz ssbirurtzun.izabala@gmail.com edo prebentzioa@lagagizartezerbitzua.org helbideetara.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun