«Herriko biztanleriaren jaitsierarekin eta zerbitzuen galerarekin» kezkatuta eman zuten lehenbiziko pausoa, eta «herritarrengan sortutako ilusio handiak» bultzatuta borobildu zuten auzolanean egindako bidea. Hutsetik hasi zuten proiektua, baina dagoeneko bost urteko ibilbidea egin du Goizuetako kooperatibak eta horrekin batera gasolindegiak. Momentu martxa onari eutsita, etorkizunean bide beretik jarraitu nahi dute, gasolindegiaz gain, herriarentzat onuragarri izan daitezkeen bestelako proiektuak baztertu gabe. Hasierako eta oraingo kontuez, eta etorkizuneko erronkez mintzatu da Iñigo Elizegi Erbiti (Goizueta, 1971) kooperatibako lehendakaria.
2016an sortu zenuten Goizuetako kooperatiba. Ordura arteko bidea nolakoa izan zen?
Frantzian kartzelan preso egon nintzenean, bisitetan eta komunikabideetan, herriak zer joera zuen ikusten nuen. Biztanleria jaisten eta zerbitzuak galtzen ari zen eta horren inguruan buruari buelta asko ematen nizkion, eta jendearekin ere askotan hitz egiten nuen. Bat-batean Frantziako herri ttiki batean, gure arazo bera zuten herri batean, gasolindegi bat irekitzeko kooperatiba bat sortu zutela ikusi nuen eta horren bueltan hasi ginen. Kartzelatik atera nintzenean taldetxo bat elkartu eta gasolindegi bat irekitzeko zein aukera egon zitezkeen jakiteko kalkuluak egiten hasi ginen. Aukerarik hoberena kooperatiba bat sortzea zela ikusi genuen eta horrela egin genuen.
Auzolanaren emaitza izan zen?
Bai, bai, guztiz, % 100ean auzolanean egindako proiektua izan zen.
Zenbateko aurrekontuarekin sortu zenuten?
Hutsetik hasi ginen, horrelako gasolindegi bat irekitzeko zenbat kostako litzatekeen jakiteko informazio bila. Hasteko bazkideei 90 eurona eskatu eta horrekin proiektua egin genuen. Proiektua eginda, gasolindegia egiteko aurrekontua 150.000 eurokoa izan zen. Aurretik egina geneukan bideragarritasun planarekin Elkargik mailegua bere gain hartu eta Laboral Kutxan mailegua eman ziguten.
Proiektuak hasieratik herritarren interesa piztu zuen. Espero zenuten?
Egia esan ez. Goizuetak 700 biztanle ditu eta lehenbiziko batzar informatiboa egin genuenean, 110 lagun azaldu ziren. Oso handia izan zen. Hor esan genuen proiektuak ez zuela atzera bueltarik, herritarrengan ikusmina eta gogoa sumatu genituen.
Hasieran, jendearen kezka nagusietako bat gaizki ateratzea zen...
Bai, gaizki aterako balitz bazkideek izanen luketen ardurak kezkatzen zuen jendea. Normala da. Baina azalpen guztiak emanda, gustura gelditu ziren, kezkak nahiko agudo uxatu ziren.
«Zorra kitatzeko gutxieneko kopurura erraz ailegatzen gara»
Iñigo ELIZEGI, Kooperatibako lehendakaria
Bost urte hauek nolakoak izan dira?
Lehenbiziko urtea nahiko zaila izan zen. Hasieran, askotan gertatzen den bezala, obra guk nahi baino gehiago luzatu zen, eta martxan jarritakoan, arazo bat edo beste izan genuen makineriarekin. Ez genuen zorte askorik izan. Baina gerora, oso ongi moldatu gara. Zorra ordaindu ahal izateko zenbat saldu beharko genukeen gutxieneko litro kopurua kalkulatu genuen, eta litro kopuru horretara erraz ailegatzen gara. Hilabetero-hilabetero, arazorik gabe, zorra ordaintzen jarraitzen dugu. Ez gara aberasten ari baina ongi doa.
Helburua ez zen hori, ezta?
Ez, ez, ezta pentsatu ere. Hasiera-hasieratik gure helburua zerbitzua ematea izan da. Argi genuen ez genuela espekulatuko, eta erosten genuen erregaiari gutxienekoa gehituko geniola, zorrak kitatu ahal izateko eta koltxoi bat izateko. Horregatik oso prezio onean dago erregaia.
Zenbateko kontsumoa duzue?
Hilabetean batez beste 24.000-25.000 litroko kontsumoa dugu.
Gaur egun nolako martxa duzue?
Martxa ona, gasolindegia ongi doa. Automatizatua da eta egunero 24 orduz irekia dago. Norberak bere txartelarekin har dezake, inon beharrik izan gabe. Bazkideek beste txartel bat daukate eta txartel horrekin merkexeago dute. Baina bazkideak ez direnak ere joan daitezke bankuko txartelarekin.
Nola osatua duzue zuzendaritza batzordea?
Sei gara, eta sorreratik nik bakarrik segitzen dut. Lau urtetik behin aldatzen dugu zuzendaritza, ez delako lan askorik izaten. Gaur egun, Luisi Loiarte, Bakartxo Uitzi, Jose Ramon Uitzi, Juan Jose Indakoetxea, Leire Alsua eta seiak gaude. Lanik gehiena gasolioa eta gasolina jaisten denean hori eskatzean izaten dugu, ahalik eta preziorik hoberenean eskatzea. Erne egon behar izaten dugu eta gainerakoan, beste intzidentziarik baldin bada ere bai, edo garbitu behar denean gauza bera.
165 bazkiderekin abiatu zenuten bidea. Gaur egun zenbat zarete?
Gaur egun 199 bazkide gara. Urtero ekainean bazkide berriak egiteko deialdia egiten dugu, orain arteko baldintzekin, hau da, 90 euroren truke, eta urtero bi edo hiru gehiago sartzen dira. 190 bazkide baino gehiago izanda kasik herri guztia sartua dago. Etxe guztietan badago bazkideren bat.
Itxialdiaren edo oro har pandemiaren eragina sumatu duzue?
Itxialdian, 15 egunez lantegiak itxita egon ziren, baina gero lantegiak berriz ireki zituztenean, jendeak gasolindegia erabiltzen jarraitu zuen. Diferentzia bakarra kanpoko jendeak ez zuela erabili izan zen. Herrikoek bakarrik erabilita ere, hilabete bukaeran zorra kitatzeko moduan egon gara eta horrek lasaitasuna ematen du.
Herriari zerbitzu bat emateko helburuarekin abiatu zenuten proiektua. Bestelako zerbitzuen beharrik ikusten duzu herrian?
Goizuetak duen biztanleria eta isolatua dagoela kontuan izanda, zerbitzu asko ditu. Gure arazoa ditugun gutxieneko zerbitzu horiek mantentzea da. Segur aski galdetuz gero edo ongi begiratuz gero, zein zerbitzuren beharra dagoen azalduko litzateke, edo daudenen artean zein hobetu edo mantendu behar diren. Urteak pasa ahala, jendeak hirietara joateko joera du, fabriketara lanera eta hirietara bizitzera, eta joera horri nola bueltan eman behar diogun asmatzea da gure erronka. Baina hori ez da Goizuetako arazoa bakarrik.
«Proiektuak garatzeko informazioa biltzen ari gara»
Iñigo ELIZEGI, Kooperatibako lehendakaria
Nolako etorkizuna ikusten diozu kooperatibari?
Kotxe elektrikoaren kontua asko aipatzen da baina oraindik urte asko pasatuko dira gasolina eta gasolioa desagertu arte, eta gasolindegiak hor jarraituko du urte askotan. Kooperatibaren etorkizuna, berriz, guk kooperatibari eman nahi diogun lanaren araberakoa izanen da, hau da, gasolindegi bakarrarekin konforme gauden edo beste zerbitzuetan edo proiektuetan murgiltzen garen, horren araberakoa izanen da.
Eta herriari?
Errealistak izanda, epe motzean biztanleria oraindik jaitsi eginen da, eta guri dagokigu gehiegi jaitsi ez dadin lan egitea, eta ditugun zerbitzuak mantentzea, etorri nahi duten guztientzat hor egon daitezen eta aurrera begira herri bizi bat izaten jarrai dezagun.
Beste zerbitzurik baduzue buruan?
Argindarraren autokontsumoaren inguruan informazioa biltzen ari gara, eta kotxeak garbitzeko eta autokarabanentzako ur beltzak eta grisak deskargatzeko puntuak egiteko proiektuak ere buruan ditugu... Momentuz informazioa biltzen ari gara, zer egin dezakegun ikusteko.
Zein mezu luzatuko zenieke herritarrei?
Kooperatiba sortu eta gasolindegia ireki genuenean, herrian gauzak egin zitezkeela ikusi genuen eta ilusio handia sortu zen. Aspaldiko partez, gasolindegia ireki zen zerbait izan zen. Ilusio hori mantendu behar dugu, mantendu eta indartu. Jendea gauzak egitera eta parte hartzera animatuko nuke, ttikiak diruditen kontuak horrelako herri batentzat handiak izan daitezkeelako.