Arano, Areso, Goizueta eta Leitzako Gizarte Zerbitzuko Mankomunitatea; Areso, Goizueta eta Leitzako eskolak eta haur eskola; Amazabal institutua; lau herrietako udalak; Cederna Garalur elkarteko elikaduraren teknikaria; Habelarte baserritarren elkartea; Anikoteko kirol teknikaria; LeitzEko kontsumo taldea; gurasoen elkarteak; Ane Egizabal fisioterapeutan eta osasun etxea dira Kikilisalda proiektu komunitarioan parte hartzen ari direnak.
Aurten, etxeko sukaldeetan elikadura osasungarria bultzatu nahi dute, «tokiko eta sasoiko produktuekin», eta horretarako «familia osoaren inplikazioa» lortu nahi dute. Helburu horrekin azarotik urtarrilera hainbat jarduera eginen dituzte, «batzuk eskoletan eta institutuan, eta beste batzuk komunitateari zuzendutakoak». Hain zuzen, komunitateari zuzenduko saio horietako bat astelehenean egin zuten Leitzan. Itxaro Zabaleta nutrizionista eta dietistak elikadura osasungarriak familiako sukaldaritzan duen garrantziari buruzko hitzaldia eman zuen.
Abenduaren 13an hitzaldia Goizuetan
Hurrengo hitzaldia abenduaren 13an Goizuetan eginen dute. Zabaleta izanen da berriz hizlari eta haurrak sukaldean murgiltzeko gakoak eta elikadurak familian duen garrantzia izanen ditu hizpide. Parte hartzeko aurretik izena eman beharko da, Goizuetako Xalto eskolatik bideratutako galdetegiaren bidez edo Anikote kiroldegira deituz (948 51 07 19). Abenduaren 10ean, 13:00etan, bukatuko da izena emateko epea. Hitzaldia Goizuetako udaletxeko ganbaran eginen dute, 18:00etatik 19:30era.
Urtarrilean hitzordu bikoitza, Goizuetan eta Leitzan
Urtarrilean emanen diote segida kanpainari. Elikadura osasungarriaz eta jasangarriaz eta bertako, garaiko eta kalitatezko produktuez solasaldia emanen du Eneritz Mujika dietista eta nutrizionistak. Urtarrilaren 13an Goizuetako eskolako jangelan izanen da, 16:45etik 18:00etara, eta urtarrilaren 14an Leitzako eskolako jangelan, ordu berean.
Izen-ematea eskoletatik bideratutako galdetegiaren bidez edo Anikote kiroldegira deituz eman beharko da. Urtarrilaren 12an bukatuko da izena emateko epea, 13:00etan.
Hitzaldiaren ondoren, bertako baserrietako produktuak dastatzeko aukera izanen da Habelarte elkarteari esker.
Gomendioak
- Sukaldatu-ZukAldatu kanpainaren baita, zenbait gomendio ere eman ditu Kikilisaldako lantaldeak.
- Astean egun batean gutxienez, haurrekin batera kozinatzeko proposamena egin.
- Zaporeak, formak eta ehundurak esperimentatu ahal izateko elikagaiak hautatzeko eta prestatzeko lanean murgildu haurrak.
- Elikagai naturalak, bertakoak, garaikoak eta osasuntsuak kontsumitzeak osasunari dakarzkion onurez hitz egin.
- Egunean bost otordu egin: gosaria, hamaiketakoa, bazkaria, merienda eta afaria.
- Egunero 60 minutu hartu seme-alabekin ariketa fisikoa egiteko.