Euskararen Nazioarteko Eguna

Haurrentzako tailerrekin abiatu dute Aresoko Euskararen Astea

Ttipi-Ttapa 2021ko aza. 30a, 18:00

Euskararen Asteko egitarauaren barne, guraso elkarteak antolatuta, jolasak eta eskulan tailerra izan zituzten atzo, azaroaren 29an, Areson. Udaletxeko erabilera anitzeko aretoan bildu ziren hainbat haur eta guraso eta negu giroko arratsaldea lagunartean goxatu zuten.

Mahai jolasetan, kirola eginez, sagutxoaren jokoan... ederki ibili ziren. Argitxo iratxoaren irudia ere osatu zuten elkarrekin eta jolasak bukatzean, plaza zaharrean jarri zuten kutxa batekin batera. Euskararekin lotutako mezuak bertara botatzeko aukera izango dute herritarrek ostegunera arte eta ostiralean irakurriko dituzte bertan jasotakoak.

Atzoko hitzorduari segida emateko, gaur, 17:30ean, udaletxean, Sendotu Arnasguneak gure herritik hasita UEMAk antolatutako tailerra izango dute.

Ostegunean, berriz, abenduaren 2an, 18:00etan udaletxean, Elfkinak pelikularen emanaldia egingo dute haurrentzat. Eta astea borobiltzeko, ostiralean, Euskararen Nazioarteko Egunean, egun osoko festa izango dute:

  • 11:30ean kalejira herrian barna, herriko musikariek, haurren bertsoek, erraldoiek eta herritarren pankartek alaituta.
  • Ondoren plaza zaharrean hamaiketakoa, Sastinekoen eta bi elkarteen laguntzaz.
  • 16:30ean plazan Euskalzunba eta dantzaldia.
  • 17:30ean Aresoko Dantza Taldearen emanaldia.
  • Ondoren txokolatada guraso elkarteak antolatua.
  • 19:00etan Trikidantz taldearen emanaldia.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun