Gipuzkoako Foru Aldundiak Leitzarango autobidea itxiko du asteburuan elurra hastean

Ttipi-Ttapa 2021ko aza. 26a, 16:30

Astebururako elurra iragarri dutenez, 700 metrotik behera eginez gero A-15 autobidea moztuko dutela iragarri du Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Larunbatean 12:00etatik aurrera 700 metrotik behera elurra eginen duela iragarri du Euskalmetek. Horren ondorioz, Aintzane Oiarbidek, Bide Azpiegituren diputatuak adierazi duenez, elurra hasi bezain laster A-15 errepidea itxiko dute, Belabietako tuneletan estaldura sendotzeko eta instalazioak egokitzeko obrak direla-eta.

Andoain-Iruñea norabideko errepidea Andoainen moztuko dute eta kontrako noranzkoan Berastegin hasiko dira desbiderapenak. Ibilgailu arinek GI-2130 errepidea erabili ahal izanen dute, baina kamioiek N-1 errepidea edo Sakanako autobidea erabili beharko dute. Errepideak itxita dirauen bitartean, GI-2130 bidean eta N-1ean mantentze-lanak indartuko dituzte.

Alerta laranja asteburuan

Euskadiko zerbitzu meteorologikoak alerta laranja aktibatu du astebururako elur arriskua izanen baita larunbat eguerditik igande ilunabarreraino. 900-700 metrotik beherako elurra iragarri dute larunbat goizerako eta kotak behera eginen du eguerditik aurrera, 400-500 metrotara iritsi arte gauean. Igande arratsaldean berriz ere igoko da elur-kota 600-800 metrotara.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun