Euskararen Nazioarteko Eguna

Euskararen egunerako hainbat ekitaldi prestatu dituzte Areson

Ttipi-Ttapa 2021ko aza. 26a, 11:00
Kalejira egingo dute aurten ere

Azaroaren 29tik abenduaren 3ra bitarte euskararekin lotutako ekitaldiak egingo dituzte

Abenduaren 3a ospakizun eguna izan ohi da Areson eta aurten ere asmo horretan dira herritarrak. Azaroaren 15ean egin zuten festa batzordeko bilera eta, denen artean, egun osoko egitarau polita osatzen ari dira.

Goizean, festa giroko kalejira bat egingo dute, musikariekin, erraldoi eta buruhaundiekin... eta herriko eragile desberdinei bertan parte hartzeko gonbidapena ere egin nahi diete beraien aldarrikapenak kaleratu ditzaten. Gainera, festa giroaren seinale, gonak, atorrak, txapelak eta zapiak armairutik atera eta baserritarrez janztera animatu nahi dituzte herritarrak. Kalejira bukaeran ekitaldia egingo dute eta ondoren hamaiketakoa izango da plaza zaharrean.

Arratsaldean segida izango du festak. Herriko dantzarien emanaldia izango da, segidan euskarazko abestiekin dantzan eta kantuan aritzeko aukera eta indarrak hartzeko txokolate beroa banatuko dute. Iluntzean musika izango da.

Euskararen egunari aurre hartu eta girotzen joateko, hainbat ekitaldi antolatzeko proposamena ere egin zuten. UEMAk antolatutako hitzaldia, dokumental baten proiekzioa eta haurrentzako emanaldi bat prestatzen ari dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun