«Mugikorrik gabeko eskola-gune osasuntsuak lortzeko» helburuarekin, Leitzako Amazabal institutuko ikasleek klase orduetan mugikorrik ez erabiltzeko ekimena sortu du zuzendaritzak. Hainbat arrazoiengatik «teknologiak nerabezaroan estres handia sortzen duela ikusita» sortu zen ideia.
Ekimenaren helburu eta akordio guztiak biltzen dituen hitzarmena sinatuko dute ikasleen gurasoek eta ikastetxeko zuzendariak. Bertan, gazteak klasera mugikorrik gabe bidaltzeko konpromisoa adierazten dute guraso eta tutoreek, eta irakasleari ikasleei mugikorra kentzeko baimena ematen diote, besteak beste.
Zuzendaritzatik adierazi dutenez, mugikorraren erabilerak atentzio falta ekartzen du klasean, eta sedentarismoa eta teknologietara adikzioa bultzatzen dute. Gainera, bereizketak piztu ditzake ikasleen artean eta burla eta cyberbullyinga errazten ditu. Arazo hauek saihesteko eta patio garaian kirol jarduerak bultzatzeko eta ikasleen arteko harremanak hobetzeko helburuarekin sortu dute ekimena.