Marta Chivite de Miguel

«Larrua lantzen ikasteko eguneroko lana izan da gure eskola»

Ttipi-Ttapa 2021ko aza. 20a, 08:00

Bere ideiekin bat egiten bizitzen saiatzen den emakumea da Marta Chivite de Miguel (Donostia, 1961). Sutondoan irakurtzea gustuko du eta «gauza askori ekiten diot; lorezaintza, dekorazioa, apainketa… baina gutxiago bukatu». Areson bizi da gaur egun Ramon kataluniarrarekin, eta larrua lantzea dute ogibide.

Lasaitasun bila

«Betidanik ohiko bizimodutik aparte bizi nahi izan dut. Lantegi batean zortzi orduz lanean aritu eta bizimodu kontsumista bat ez nuen nahi». Donostiatik atera nahi zuen Chivitek, «naturari lotuago zegoen eta beste modu batera bizitzea posible izango zen leku batera.» Hainbat aukera begiratu zituen; Katalunia, Lakabe… Eta orduan ezagutu zuen Ramon.

Bidea elkarrekin egin dute geroztik, «eta Aresora iritsi ginen 1983ko apirilaren 3an. Egun hartan ahari-dema zegoela oroitzen naiz». Naturan bizitzeko aukerak ekarri zituen Aresora.

Eskulangintza

Duela 37 urte inguru hasi ziren «eskulangintzarekin saltseatzen. Biok gure lanetik bizi nahi genuen eta zeramikarekin hasi ginen, baina herrira etortzean etxean ez zegoen argindarrik, bidea egin gabe zegoen… Eta zeramikarekin jarraitzea ez zen bideragarria».

1985ean larrua lantzen hasi ziren, material moldagarriagoa eta arinagoa delako. «Gustua hartu genion eta geroztik honekin jarraitu dugu». Orain, Trok Larrua izaneko tailerra daukate baserrian.

Larrua lantzen

«Zenbait ikastaro egin izan ditugu, beste artisau batzuekin partekatu… baina eguneroko lana izan da gure irakaslea». Produktu ugari egiten dituzte, egunerokoan erabil daitezkeen piezak; gerrikoak, diru-zorroak, poltsak, motxilak… Eta baita enkargu pertsonalizatuak ere.

«Betidanik bizi nahi izan dugu ohiko bizimodutik aparte»

Marta CHIVITE, larrugilea

Lana egiteko estilo propioa dauka bakoitzak. «Ramonena klasikoagoa da», ontze begetaleko larruekin tindaketa bidez indartzen dituen formak sortzen ditu, emaitza soil eta dotorea izanik, «betierekoa». «Nire estiloa gaurkotasunarekin lotuagoa dago, garaiaren arabera aldatzen doa». Josteko makinarekin esperimentatzen du Chivitek, formekin jostatuz eta larru koloretsuak erabiliz. «Emaitza produktu original eta berritzaileak dira».

Hainbeste urtetan, hainbat lan berezi egin izan dituzte; «Erdi Aroko larruzko koraza bat, burdindegi baterako hauspo erraldoi bat, pelikula baterako liburu bat, BDSM egiteko lepoko eta uhalak, harri jasotzaileen txalekoak, sokatirako gerrikoak… Eta azken aldian egin dugun lan berezi bat El Internado telesail berrirako maskarak izan dira».

Jasangarritasuna

Elikadurarako hiltzen diren abereetatik datoz erabiltzen dituzten larruak, txekor eta txerria batez ere. «Haragi industriaren soberakin bat probesten dugu». Prozesu guztia eskuz eta zenbait tresnekin egiten dute, eta ez dute bitartekaririk, «guk sortzen duguna guk saltzen dugu».
Badaude oinarri begetalak dituzten materialak, «baina ez dira larruak, garrantzitsua da gauza bakoitzari bere izenez deitzea. Ehun hauen kasuan adi egon behar da, sortzeko prozesua askotan ez baita jasangarria».

Larruari kolorea emateko, materialaren ontze motaren arabera larrua tailerrean tindatzen dute edo zuzenean kolorearekin erosten dute. Marrazkiak egiteko, trokelekin eskuzko grabatuak egiten dituzte eta ondoren kolorea eman.

Material honen abantailarik handiena «iraunkortasuna» da. «Oso ongi zahartzen den materiala da, nahiko iragazgaitza eta ukitzeko oso atsegina, gozoa».

Bezeroekin harremana

Azokaz azoka, herriz herri  ibiltzen dira haien produktuak saltzen. «Zuzeneko tratua maite dugu, bezeroekin harremanetan egotea, euren nahiak ezagutzea eta iritziak elkartrukatzea». Gainera, nahi izanez gero eta telefonoz aldez aurretik abisatzen bada, tailerra bisitatzeko aukera  ematen dute.

«Gure lehengai nagusia beste industria baten soberakina da»

Marta CHIVITE, larrugilea

Internet bidezko salmenta ere eskaintzen dute, «gaur egun horrelakoak ere egin behar dira eta. Gure lanak www.troklarrua.com web orrian erakusgai daude». Bertan produktuak egiteko prozesua eta lan egiteko modua azaltzen dituzte eta produktu guztien katalogoa eskuragarri dago, erosi eta zuzenean etxera bidaltzeko.

Etorkizunera begira, Chivitek ez dauka asmo berezirik, «batez ere lasai eta gustura bizitzea».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun