Plazaolako Bide Berdeari buruzko gune interaktiboa aurkeztu dute

Ttipi-Ttapa 2021ko aza. 18a, 16:00

Gaur aurkeztu dute Lekunberrin Plazaolako Bide Berdearen inguruko gune interaktibo berria. Gune interaktiboak Sarasa eta Andoain lotzen dituen Bide Berdea digitalki bisitatzeko aukera ematen du Google Maps eta Google Hearth erreminten bidez. Gainera, kultura eta historiari buruzko jakintza ere biltzen du Google Arts and Culture plataforman. Gune interaktiboa http://plazaoladigital.viasverdes.com helbidean bisita daiteke.

Sarasa eta Andoain arteko Bide Berdearen 68 kilometroko eremua jasotzen du gune interaktiboak. Horretarako 82.000 argazki esferiko baino gehiago erabili dituzte. Halaber, interes berezia duten hamar puntu are zehatzago jaso dituzte 360 graduko ikuspegian ikusteko aukera emanez. Ixkier, Bizkotxeko meategiak, putreen behatokia, Bide Berdeko hiru geltokiak eta Leitzarango bisitarien guneak dira bertzeak bertze 360 graduko ikuspegiarekin ikusi daitezkeen eremuak. 

Hori denaz gain, Googler Arts and Culture erremintaren bitartez hainbat erakusketa birtual ere ikusi daitezke gunean.  Erakusketa horiek euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez ikusi daitezke eta Plazaolako bidearen historia kontatzen du bideo, lekukotza eta irudien bidez. Sei erakusketa daude, bakoitzak gai bati buruzkoa: 

  • Plazaolako trena: historia eta azpiegitura
  • Plazaolako trena: geltokiak, trenak eta jendea 
  • Plazaolako Bide Berdea 
  • Leitzarango ibarra eta bisitarien gunean 
  • Plazaolako Bide Berdearen geltokiak
  • Plazaolako Bide Berdearean zubibide eta tunelak

Europako TrailGazers proiektuaren baitan garatu dute gunea Nafarroako Gobernuko Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiak; Nasuvinsak; Basquetour Turismoaren Euskal Agentziak; Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Plazaola Partzuergo Turistikoak. Espainiako Trenbideen Fundazioak (ETF) garatutako Plazaola Digital proiektuaren zati bat da. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun