Leitzako eta Aresoko produktuen VII. azoka eginen dute igandean Leitzan

Ttipi-Ttapa 2021ko aza. 11a, 08:00

LeitzEKO kontsumo taldeak, Leitzako Udalaren laguntzarekin, Leitza eta Aresoko produktuen azoka eta azienda erakusketa antolatu du. 10:00etatik 14:00etara Leitzako Euskal Herria plazan eginen dute, eta eguraldi txarra baldin bada, Amazabal frontoian eta inguruan.

Igande goizean, azaroaren 14an, baratzean, alorretan eta etxeetan egindako ogia, glutenik gabeko gutiziak, arrautzak, gozokiak, banabarrak, intxaurrak, eztia, gaztak, garaiko barazkiak eta frutak, etxeetan prestatutako janaria, sagardoa eta gehiago erosteko aukera izanen da azokan.

Horrez gain, herriko hamar baserritarrek piriniotar arrazako behiak, artantzu latxak, euskal asto eta pottokak, sasi ardiak, antzarak, txerriak, oiloak.. eramanen dituzte eta kontsumo taldeak jarritako zozketa postua ere hortxe izanen da. Bertako produktuekin osatutako lote paregabea zozketatuko du.

Taloez gain, txerriki eta axuria burruntzian egindako pintxoak dastatzeko aukera ere emanen dute. Eta bertako txistulariak eta trikitilariak giroa alaitzeaz arduratuko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun