Finalaurrekoen azken txanpan da Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Hirugarren eta azken finalaurrekoan jokatuko da igandean Leitzan, eta bertan argituko da zein zortzi bertsolarik kantatuko duten azaroaren 28an Iruñean jokatuko den finalean. Sei bertsolari ariko dira Leitzako oholtzan, Ainhoa Larretxea Agirre gai-jartzailearen aginduetara: Joanes Illarregi Marzol, Eneko Fernandez Maritxalar, Sarai Robles Vitas, Xabier Silveira Etxeberria, Julen Zelaieta Iriarte eta Iker Gorosterrazu Elizagoien.
Saioa irabazten duen bertsolaria zuzenean saialkatuko da azaroaren 28ako Iruñeko finalera, Altsasuko eta Berriozarko saioak irabazitako Eneko Lazkozek eta Julio Sotok egin bezala. Hiru finalaurrekoetako irabazleekin batera, puntuazioaren araberako hurrengo bortzek osatuko dute finalisten zerrenda.
Leitzako kiroldegian izango da saioa 17:30ean igandean. Sarrerak bertsosarrerak.eus atarian erosi daitezke dagoeneko. Egunen bertan sarrerarik gelditzen bada lehiatila irekiko dute 16:00etan.