Leitzako Udalak pasa den uztailean egin zuen aldi baterako kultur teknikaria kontratatzeko deialdia. Jardunaldi erdiko lanpostua eskaini zuen eta hamar eskaera bildu zituen. Udalak jakinarazi duenez, «azterketa teorikoa eta praktikoa egiteko lehen hitzordura hasierako hamar horietatik bost hautagai aurkeztu ziren eta probak bi hautagaik gainditu zituzten». Azken ahozko proba eta tituluen balorazioa egin ondotik, Miren Tirapu izan da puntuazio altuena lortu duena. Hala, berak sinatu du Leitzako Udalaren kultur teknikaria izateko lan kontratua.
Bere eginkizun nagusiena Leitzako Herri Aretoko programazioa osatzea izanen da eta horrekin batera, herriko eragileei eta sortzaileei babesa emateaz eta koordinazio lanaz arduratuko da. Gisa berean, udaleko azpiegitura kulturalen eta herriko eskaintza kulturala zabaltzeko dirulaguntzen kudeaketa ere bere gain hartuko ditu. Nafarroako Antzerki Sarean herriko ordezkaria ere bera izanen da. Leitzako Udalak Nafarroako Antzerki Sareko kide izateko eskaera bideratua du. Hain zuzen, horren parte izateko bete beharreko azken baldintza kultur teknikaria izatea zen.
Ez da Tirapuren ardura bakarra izanen. «Mirenen laguntzaz, Leitzako Udala beste zenbait sareren parte izanen dela» gaineratu du udalak, «hala nola, KUNA Nafarroako Kultur Kudeatzaileen Sarean edo Udabiltzak bultzatuta sortutako Geuretik Sortuak proiektuan».
Joan den urteko abenduan inauguratu zuten Leitzako Herri Aretoa eta inaugurazio ekitaldian Mikel Zabaleta alkateak esandakoa ekarri du gogora Leitzako Udalak: «Udalaren helburu nagusia herriak kalitatezko kultur eskaintza aberatsa eta zabala izatea da. Kultura aisialdia da, baina hori baino gehiago ere bada: herri eta pertsona bezala garatzeko eta komunitatea saretzeko tresna ere bada. Kulturaren bidez, pentsamendu kritikoa landu eta pertsonak ahaldundu egiten garelako».
Hilabete hasieran hasi da Miren Tirapu lanean, eta «laster» Herri Aretoan aurkezpen publikoa antolatuko dutela jakinarazi du udalak.