Handia izan da Aimar Olaizola Apezetxeak pilota profesionalean egin duen ibilbidea, eta handia izanen da larunbat hau ere, azaroaren 13a. Baita berezia ere, 23 urtez profesionaletan ibili ondoren bere azken partida jokatuko duelako, 42 urte beteko dituen egunean, eta mutiko kozkorra zela hainbat eta hainbat pilotakada eman zituen pilotalekuan.
Frontoia txiki geldituko da
Ikusmin handia sortu du agurreko partidak eta datuak dira horren erakusle. Miel Joxe Lekuona Umore Ona elkarteko lehendakariak Ttipi-Ttapari kontatu dionez, «sarreren zerrendan apuntatzeko epea ireki zen lehenengo egunean, 280 lagunek eman zuten izena».
Pilotalekuak 760 lagunek edukiera du eta eserleku guztiak beteko dira. «Aimarrek eta Baikok 425 lagunentzako gonbidapena eskatua dute. Horrez gain, herrian erroldatutako 329 lagunek eman dute izena eta erroldatu gabeko 288k». Erroldatuek eta herritarrek izanen dute lehentasuna eta Lekuonaren arabera, «herritar guztiek pilotalekura sartzeko aukera izanen dutela uste dugu». Hortik aparte, eserlekuren bat hutsik geldituz gero, «zozketa bidez erabakiko dute nor sartu».
Bi partida eta omenaldia
Agurreko partidaren bueltan, pilota partidak eta omenaldia izanen dira. Aurreneko partidan, Iker Salaberria herritarra eta Erasun, Zubizarreta III.a eta Elizegiren aurka ariko dira. Bigarrenean, Olaizola II.ak Imaz izanen du atzean, eta Jaka eta Aretxabaletaren aurka jokatuko dute. Partidak 17:15ean hasiko dira.
Omenaldiarekin borobilduko dute larunbateko hitzordua. Lekuonak «sorpresa asko» izanen direla aurreratu du. Gainera, bi partidak bukatu eta berehala, frontoiko ateak irekiko dituzte sarrerarik gabe gelditu diren guztiak omenaldia ikustera sartu ahal izateko. Bateko eta besteko, «nahiz eta jende asko sarrerarik gabe gelditu, jende asko hurbilduko da larunbatean».