Elikadura sistema eta nekazaritza iraunkorragoak eraikitzeko bideari heldu nahi dio Etxaldek hurrengo hamarkadan. Eta horren harira, Leitzako Udalaren laguntzarekin, hitzaldiz, nahia-inguruz eta eztabaidaz hornitutako jardunaldia egin zuen urriaren 28an Leitzako Herri Aretoan. Gotzone Sestorain herritarrak egin zituen aurkezpen lanak, eta berarekin batera, Mikel Hiribarren laborariak, Andoni Gartzia Bizkaiko EHNEko kideak, Amets Ladislaok, Miriam Otxotorena NPEK-eko lehendakariak, Alberto Llona EHNEko teknikariak, Esti Besa ardo ekoizleak eta ELB sindikatuko Panpi Sant Marik hartu zuten hitza, guztiak ere Etxaldeko kideak.
Etxalderen hitzetan, «bada garaia behar diren mekanismoak antolatzeko eta abian jartzeko elikagai sistema berri baterako bidea. Argi utzi du ez dela nekatutako «proposamenik eraginkorrena elikadura burujabetza» dela esateaz, «bai lurraren etorkizuna babesteko, baita baserritarrena ere; elikagai osasungarrien produzitzaile diren heinean, jendarte guztiarentzako elikadura osasungarria bermatuz».
«2050. urtea Euskal Herri osorako benetako elikadura burujabetza izateko erreferentziatzat»
«Ekonomikoki eta sozialki elikadura burujabetzatik eraiki nahi du» Etxaldek «proposamen politikoa», eta helburu hauek jarri nahi ditu praktikan: «elkartasuna, justizia soziala, emakume eta gizonen arteko berdintasuna eskubideetan, lanpostuak sortzea eta produkzio eskubideak banatzea, ondasun naturalak era iraunkorrean erabiltzea, Euskal Herri osoko nekazaritza eta produkzio aniztasuna errespetatzea eta jendarte guztiaren esku jartzea elikadura osasuntsua». Horretarako «garrantzitsua» iruditzen zaio «eraikuntza prozesu hau betetzeko epemuga bat ere aurreikustea» eta aldi berean, «azpimarratzea prozesu hau ez dagokiola lehen sektoreari bakarrik, hau da, pertsona guztiona, jendarte zibil antolatu eta instituzioen helburua izan behar dela». Trantsiziorako lehen fasea 2020tik 2030ra izatea nahi dute eta horrek «beste bati eman beharko lioke bide, lehen sektore osoaren eta lurraldearen egituraketa eta antolaketa berri bati ekiteko (2030-2040); 2050.urtea Euskal Herri osorako benetako elikadura burujabetza izateko erreferentziatzat hartuz».