Eremu digitalean zaintzearen aldeko hainbat ohar zabaldu dituzte goizuetarrek eta aranoarrek

Ttipi-Ttapa 2021ko urr. 29a, 11:00

Goizuetan eta Aranon indarrez hasi dute aurtengo Bhutan proiektuaren kanpaina. Eremu digitalean zainduz da aurtengo leloa eta pantailen erabilerak izan dezakeen arriskuaz ohartarazi nahi dute. Horren harira, hainbat hitzordu antolatu dituzte eta aste honetan bideo hau ere egin dute goizuetarren eta aranoarren mezuak bilduz. Bestalde, egunotan Eremu digitalean zainduz erakusketa Aranon izanen da eta ondotik Goizuetara itzuliko da.

«Zaintza eta tratu onak bultzatuz» bideoan bi herrietako udal ordezkariek, gurasoek, gazteek eta gaztetxoek, medikuak, gizarte zerbitzuetako teknikariek, beste hainbat herritarrek... parte hartu dute. Hainbat ohartarazpen egin dituzte:

  • «Bere intimitatea da, eskatu al diozu (haurrari) sarean bere argazkia jartzeko edo partekatzeko baimena?».
  • «Ziberbullyingaren aurrean, ez duzu ikusten baina... jazarpena etxeko sofan lasaitasunean ere sufri daiteke».
  • «Denborari dagokionez, Goizueta eta Aranoko 12 eta 30 urte bitarteko gazteek lau ordu eta 40 minutu pasatzen dituzte konektatuta beraien denbora librean. Gazte planeko diagnostikoan ateratako datua da».
  • «Itxuran oinarritutako gizartearen aurrean, like asko izan arren, agian triste eta bakarrik sentitzen dira».
  • «Ziur zaude kontrolak eta jeloskortasunak maitasunean lekua dutela?».
  • «Aztarna digitala dela eta, badakizu zenbat informazio duen Googlek zutaz?».
  • «Umorean idazten den guztia ez da onargarria. Isilduz, uste duzu ez dela zure ardura? Katea zuk eten dezakezu».
  • «Sexu hezkuntza dela eta, ez baduzu honetaz hitz egiten, hau izanen da bere sexu hezkuntza nagusia. Garaiz jo komunikazioaren tekla».
  • «Zurrumurruen aurrean, partekatzean konplize bihurtzen zara. Zenbat gezur pasa dira zure mugikorretik?».
  • «Zu argazkia Instagramerako ateratzen ari zaren bitartean, lagunak zure aurrean daude ongi pasatzen».

Erakusketa

Goizuetaren lekukoa hartuz, Eremu digitalean zainduz erakusketa Aranon izanen da gaurtik astelehenera bitarte. Elkarteko arkupeetan izanen dira posterrak ikusgai. Ondotik, azaroaren 2tik 12ra Goizuetara itzuliko da erakusketa, eta garbilekuan jarriko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun