Mendialdeko eta Plazaolako eredu turistikoa diseinatzeko bilera eginen dute ostegunean Leitzan

Ttipi-Ttapa 2021ko urr. 26a, 15:00
Plazaola Mendialdeko Estrategia Turistikoari buruzko parte-hartze prozesua aurrera doa. Argazkian Jauntsaratsen egindako bileraren irudia, esparru estrategikoa eta lan-ildoak lotzeko.

Urriaren 28an Leitzako Herri Aretoan eginen dute saio presentziala. 15:30ean hasiko da eta, gehienez ere, bi ordu eta erdiko luzera izanen du.

Datozen urteetarako turismo estrategiak eta lan-ildo nagusiak definitzeko prozesu parte-hartzailea abiatu du Plazaola Partzuergo Turistikoak. Lehen bilera Jaunsaratsen izan zen urriaren 19an eta bertan herriak bilatzen duen turismo ereduaz aritu ziren, «lurraldearen balio naturala eta identitarioa zaindu, garatu eta ezagutzera ematen duen» turismoa. Bost ildo nagusi berezi dituzte turismo estrategia definitzeko:

  • Eskualdea: Mendialdea bere osotasunean hartuko duen proiektua izanen da eta lurraldearen garapen ekonomikoa du helburu. Horregatik, bertako herrien, herritarren eta eragileen elkarlana beharrezkoa izanen da.
  • Iraunkortasuna: Dimentsio ekonomikoa, soziala eta ingurumenari dagokiona kontuan hartuko dituen proiektua da. Iraunkortasuna denei eskatu behar zaie, bisitariei baina baita publiko, pribatu eta herritarrei ere. Turismoak ekonomian duen eragina balioan jarriko dute.
  • Produktuak: Bertako produktuen sustapena, publiko zehatzentzako produktu espezializatuak.
  • Komunikazioa: Marketin kanpainak, sentsibilizazio kanpainak, diskurtsoak… eskaintza badago, orain komunikatzeko modua landu behar da.
  • Elkarlana: Hainba mailatan eginen da; herri mailan, herrien artean, pribatu eta publikoen artean, eskualdez kanpoko eragileen artean… «denak dira turismo eragile eta denen arteko elkarlana gakoa izanen da eskualdea osatu, elkarrekin proiektuak garatu eta aurrera egiteko».

Saiora joateko izen eman beharko da galdetegia betez. Edozein arazo edo zalantza argitzeko eskuragarri paratu dute 948 50 72 05 telefono zenbakia. Musukoa derrigorrezkoa izanen da saioan eta Covid neurriak errespetatuko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun